Donostiarrak erregulartasunari eutsi dio Galiziako uretan
Donostiarra, Boiroko estropadan. (Argazkia: Aitor Arrizabalaga) Eusko Label liga azken txanpan sartu da, eta lehia estua espero da iraileko azken bi jardunaldietan. Pasa berri den asteburuan, Hondarribia eta Santurtzi izan dira Galiziako uretan onenak. Larunbatean, gipuzkoarrek eskuratu zuten Aresko bandera, eta Donostiarra bosgarren sailkatu zen. Atzo, berriz, Santurtzik irabazi zuen Boiroko bandera ehuneneko batzuengatik. Donostiarrak laugarren bukatu zuen, asteburuko erregulartasuna berretsiz. Sailkapen nagusian, Santurtzi da liderra eta Donostiarra seigarren tokian dago 131 punturekin.
Igoera eta jaitsiera play-offak jokatuko dituzten traineruak ere zehaztu dira. Kaiku bigarren mailara jaitsi ostean, Zarautz da igo nahi dutenekin lehian ariko dena. Hain zuzen ere, San Pedro, Pedreña, Tiran eta Meira. Irailaren 19an eta 20an jokatuko dira Eusko Label ligako play-offen estropadak. Egun horietan izango dira ere Euskotren ligako play-offak. Hondarribiarekin batera ariko dira nor baino nor ETE ligako lehen bi traineruak, Tolosaldea eta Hibaika, eta Cabo da Cruz Galiziako txapelduna.
Kontxari begira
Asteazkenean eta ostegunean jokatuko dira Kontxako Banderaren sailkatze estropadak, 17:30ean. Eusko Label ligak etena izango du urteko estropada garrantzitsuenari tartea egiteko. Ezohiko Kontxako Bandera izango da, ikuslerik gabe, baina garaipena jokoan izango dute sailkatzen diren hamabost traineruek. IRUTXULOKO HITZAk sailkatze estropaden jarraipena egingo du.

