Infernuko hirigintza proiektua onartzeko urrats berri bat egin du udalak
Infernuko Plan Orokorraren behin-behineko aldaketa onartu du Donostiako Udalak. Ibaetako auzoaren hegoaldean dagoen eremua birsortu eta birkalifikatzeko egin dute moldaketa. Udalbatzak babestea falta da behin-betiko onartzeko. Iazko otsailaren 12an aurkeztu zuten hirigintza proiektua, eta orduan proposaturiko aldaketak dira berretsi dituztenak.
Bizitegi eta zerbitzuen auzo bihurtzea du helburu udalak. Aldaketak bi eremu proposatzen ditu. Batetik, erabilera tertziarioko gunea –hirugarren sektoreari begirakoa–. Zuatzura doan Zubiberri bidearekin lotura zuzena izango luke, eta han zerbitzu berriak jarriko dituzte. Bestetik, zerbitzu gune horren eta ibilgailuen kontzesionarioaren artean bizitegi eremua egongo da. Azkenik, 540 etxebizitza aurreikusten dira, 270 babes publikokoak eta 270 libre. Babes Ofizialekoen kopurua igotzeko zuzenketa bat onartu zuen udal gobernuak.
Bestalde, gaur egun norabide aldaketa egiteko eremuan biribilgune berri bat egingo dute trafikoa arintzeko. Plan Orokorraren aldaketak ere aurreikusten du Añorgako ubidea berreskuratzea. Ubidearen ondotik parke bat egiteko asmoa du udalak.