San Sebastian eguneko danborradak, kolokan
Hilabeteak falta dira San Sebastian egunerako, baina azaroan hasten dira danborraden prestaketak. Hori dela eta, gaiaren inguruan galdegin diote Eneko Goia alkateari Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan. Goiak aitortu du urtarrilaren 20ko festa kolokan dagoela: “Une honetan ez naiz baikorra, baina ez dakigu egoerak hobera egingo duen. Itxaropena ez dut galtzen”.
Iraila eta urria danborraden inguruan gogoeta egiteko aprobetxatuko dutela gaineratu du alkateak. “Bi hilabeteko epea dugu dena aztertzeko. Urrian hasiko gara erabakiak hartzen”. Auzoetako jaiak, Aste Nagusia eta bestelako ospakizunak bertan behera geratu ostean, egoera nabarmen hobetu beharko da urtarrilaren 20ko festa normaltasunez bizi ahal izateko.