"Laguntzeko gaude, dena errazteko"
Egiako Ametzagaña kalean dago Apal; denda eta estudioa. Atea zabalik dute sartu nahi duen bezero ororentzat. Etxebizitzen barne diseinuak lantzen dituzte, estilo propio zein bereizgarriarekin, eta egin beharreko erreformak koordinatzeaz arduratzen dira.
Zer da Apal?
Jexux Romero (J.R.): Denda eta estudio bat, barne diseinuari eskainitakoa. Hau da, barne espazioak hornitzeko behar diren gauza guztiak. Batetik, denda funtzioa dugu, salmenta zuzenari loturikoa, eta bestetik, estudioa. Proiektuak egiten ditugun lekua da. Guk saltzen ditugun elementuekin elikatzen ditugu proiektuak.
Patricia Achon (P.A.): Estudioa da oinarria, hor garatzen ditugulako proiektuak. Estudiotik koordinatzen ditugu erreformak eta gremioak. Altzariez ere arduratzen gara. Horretarako oso garrantzitsua da dekoratzailearen lana.
J.R.: Denda, berriz, showroom gisara ulertzen dugu. Salmentarako gunea ez ezik, beste kontzeptu batzuk lantzen ditugu bezeroekin. Kanpotik gure dendak erakusten du gure estiloa eta elementuak erabiltzeko modua.
Erreforma eta dekorazio proiektu integralak egiten dituzue.
J.R.: Barne diseinua oso zabala da. Altzarien proiektu bat landu dezakegu etxebizitza batean, edo erreforma oso bat egin. Normalean, obra bat egiterakoan gutxieneko bat ezartzen dugu, eta altzariez ere arduratzen gara.
P.A.: Gure aholkularitzak aberasten du erreforma, hori da gehigarri gisa eskaini dezakeguna. Proposamenak egin eta alternatibak ematen dizkiegu bezeroei.
J.R.: Hasieratik osotasunean pentsatzen dugu. Badakigu emaitza nolakoa izango den, eta askotan bezeroak ez daki nolakoa izango den.
Zein bereizgarritasun ditu Apal denda eta estudioak?
J.R.: Goi mailako diseinutik gatoz, eta goi mailako diseinu denda eta estudioetan aritutakoak gara. Eredu hartaz nekatu ginen, eta beste bide bat lantzea erabaki genuen. Guk erosi ezin genuena, gure familia eta lagunei ezin genien eskaini. Horiek horrela, Apal abiatu genuen gu erdigunean jarrita, eta gu bezero prototipo gisa hartuta.
P.A.: Laguntzeko gaude, dena errazteko. Saiatzen gara erreforma batek sor ditzakeen buruhausteak arintzen. Batetik bestera ibili gabe, erreforma baten elementu guztiak egun bakarrean adostu ditzakegu gure dendan.
Espazio handi zein txikien barne diseinua lantzen duzue, ezta?
J.R.: Askotan diogu gure lana koktel bat egitearen parekoa dela. Gauza desberdinak nahastu behar dira. Egokitzapena ere bada barneratua dugun kontzeptu bat. Bezeroak proposaturiko espaziora moldatzen saiatzen gara.
Nolakoak dira jasotzen dituzuen enkarguak?
P.A.: Etxe osoa erreformatu nahi duten bezeroak ditugu, eta soilik egongela, sukaldea edo komuna aldatu nahi dutenak. Bezero bakoitzaren eskaeretara egokitzen gara. Gure asmoa da diseinua ordaingarria eta irisgarria izatea.
Erraza al da bezero bakoitzak nahi duena irudikatu eta zuen bidez errealitate bihurtzea?
J.R: Bai eta ez. Pertsonen eta euren jarreraren araberakoa izaten da. Bezero bat ideia batekin guregana datorrenean, saiatzen gara buruan duen horri buelta bat ematen, eta gure ikuspuntutik ideia hori aberasten.
Zer nolako harrera jasotzen duzue bezeroen aldetik?
J.R.: Orokorrean, oso pozik geratzen dira. Dekoratzaile profesionalak gara, eta bezeroek gurekin lan egin dezakete uste baino era ekonomikoagoan. Gogoan dut bezero batek dendatik ateratzean bere kideari esan ziola dekoratzaile bat kontratatu zuela, eta hori ez zegokiola bere maila sozialari erreparatuta.
Egian egonkortu zarete, eta hirian proiektuak garatzen dituzue. Beste hiri eta herrietan ere aritzen zarete?
J.R.: Txomiñenean eta Astigarragan egin ditugu azkenaldian hainbat proiektu. Donostian ez ezik, beste hainbat lekutan ere egiten ditugu proiektuak. Hala nola, Lezon, Andoainen, Irunen, Zumaian, eta baita Sevillan eta Madrilen. Irekia da gure lan esparrua.
Koronabirusak gogor jo du gizartea, eta baita ekonomia ere. Zuek nola daramazue?
J.R.: Itzuli ginenean lan kargak gorakada nabarmena izan zuen, eta horrek zertxobait kezkatzen gaitu, orakadaren ostean etenaldi bat egon daitekeelako. Bezeroek gauzak presaka egin nahi zituzten, eta hori ez da eskaintzen duguna aurrera eramateko modu egokiena.
P.A.: Krisialdi baten erdian ireki genuen denda, eta aurrera atera ginen. Erotuta geundela esan ziguten. Handik gatoz, eta egoera hauetara egokitzen ikasi dugula uste dugu.
J.R.: Etxebizitza berriak erosi beharrean, joera erreformak egitea izango dela uste dugu. Joera horrekin bat egiten du gure eskaintzak.