"Ohore handia izan da nire lehen lanekin Zinemaldian parte hartu izana"
Arte Ederrak ikasi zituen Jone Laspiurrek, eta 68. Zinemaldian aurkeztu dituzte bere lehen lanak: ‘Ane’ eta ‘Akelarre’ filmak, eta ‘Alardea’ telesaila.
Amaitu berri da 68. Donostiako Zinemaldia, eta inoiz bizitako jaialdi bereziena izan da Jone Laspiur Gorosabel (Intxaurrondo, 1995) aktore eta artistarentzat. Hain zuzen, Zinemaldian aurkeztu dituzte bere lehen lanak: Ane eta Akelarre filmak, eta Alardea telesaila. Beste diziplina batzuetan ere eskarmentua du Laspiurrek: Koban eta Nogen musika taldeetan ibili da abeslari gisa, eta arte sorkuntzan hainbat erakusketa aurkeztu ditu.
Intxaurrondokoak azaldu duenez, urtero saiatzen da Zinemaldian izaten, eta gaineratu du asko gustatzen zaiola aurrez pelikulen aukeraketa egitea eta aste hori antolatzea. Aurten, baina, oso desberdina izan dela baieztatu du: “Egun libre bakarra izan nuen, eta apenas bi pelikula bakarrik ikusi ahal izan nituen”. Filmen eta telesailaren aurkezpenez gain, Zinemira Euskal Zinemaren galan aurkezle lanak egin zituen, Aia Kruserekin batera.
IRUTXULOKO HITZAk luze eta zabal hitz egin du artistarekin, eta laster irakurri ahalko da elkarrizketa osoa. Bitartean, hona hemen aurrerapena:
68. Zinemaldian buru-belarri aritu zara. Nola izan da egindako lanak pantaila handian ikustea?
Prozesu aldrebesa izan da nirea, etxea lurretik hasi ordez teilatutik hasi dudala sentitzen dut. Ohore handia izan da nire lehen lanekin Zinemaldian parte hartu izana, eta kontziente naiz hau ez dela normalena. Akelarre pelikula aurrez ikusi ahal izan nuen, hala ere, bigarren aldiz ikusteak lehenengoan ez ikusitakoak erakusten dizkizu; beste hainbatetan ere ikusiko nuke gustura. Ane lehen aldiz ikusi nuen Kursaalean, lankideekin, familiarekin eta lagunekin. Davidek proiekzioa hasi aurretik pelikula txiki gisa aurkeztu zuen, baina pelikula handi batekin egin nuen topo. Oso gustura geratu nintzen, eta emozio handiz bizi izan nuen nire lankideen lana ikustea, haien eszenak ez neuzkalako ikusita.