Sarek antolatutako '650 tontor' ekimena, bertan behera
Iragarrita dagoen eguraldi txarra dela eta, ekimena bertan behera uztea erabaki dute, ez direlako igoerak egiteko aukera seguruak izango.
Urriaren 3an, Sarek antolatuta, pertsona ugari ziren Euskal Herriko 650 tontor igotzekoak. Hala ere, iragarrita dagoen eguraldi txarra dela eta, ekimena bertan behera uztea erabaki dute, ez direlako igoerak egiteko aukera seguruak izango.
Donostiar askok izena eman dute ekimenean, eta Mendizorrotz eta Zuberoako zenbait mendi igotzekoak ziren. Hala ere, Sarekoek jakinarazi dutenez, izen-emateak mantenduko dituzte, larunbatean egitekoa zen ekimena 2021eko maiatzaren 8ra atzeratu baitute.
Nahiz eta ‘650 tontor’ ekimena atzeratu, larunbat honetan herrietan elkartzeko deia luzatu du Sarek. 09:30ean prentsaurrekoa egingo dute Ibaetako pilotalekuan, urriaren 24an Donostian egingo duten manifestazio nazionala iragartzeko. Ondoren, mendira igotzekoak ziren donostiarrak argazki kolektiboa ateratzera animatu dituzte, baina aurrerago zehaztuko dituzte ordua eta lekua.
Gainera, larunbateko eguerdian mendira igo gabe geratu direnei sare sozialetara argazkiak igotzeko deia egin diete. Argazki horiek Sarekoei bidali beharko dizkiete, 688-62 83 66 telefono zenbakira bidalita.