"Ezin ditugu erabiltzaileak ondo artatu, eta oso gogorra izaten ari da"
Aitziber Aranberrik Villa Sacramenton egiten du lan, eta greba egin du adinekoen egoitzetako beste hainbat lankiderekin batera.
Zergatik egin duzu gaur greba?
243 eguneko greba egin genuen lehen ere. Lehen esaten ari ginena diogu gaur: jende falta ikaragarria dagoela, gure lan-baldintzak ez direla batere onak, eta orain pandemiaren ondoren okertu egin dira. Ikusten dugu ez dela ezer egiten, ez enpresen aldetik, ez instituzioen aldetik.
COVID-19aren krisia hasi zenean greba eten zenuten. Osasun-egoerak nola eragin die zuen lan-baldintzei?
Lan-baldintzak asko okertu dira. Lan-kargak fisikoki biderkatu egin dira, eta karga psikologiko eta emozionala ere handiak dira. COVID-19ak gogor eragin du gure sektorean: erabiltzaile eta langile asko kutsatu dira. Horrek psikologikoki eta emozionalki karga handia eragiten du. Lehenago ikusten genuen ez ginela iristen, baina orain gero eta gehiago da. Ezin ditugu beraiek ondo artatu, eta oso gogorra izaten ari da.
Zer behar duzue adinekoen egoitzetako langileek? Zeintzuk dira zuen eskakizunak?
Lan-baldintzak hobetzea, eta horretarako, jende gehiago behar dugu lanean erabiltzaileak hobeto artatzeko, eta gu ere hobeto egoteko fisikoki, psikologikoki eta emozionalki. Gure eguneroko hitza da: nahi eta ezin.
Adinekoen egoitzetako langileen gehiengoa emakumeak zarete. Horixe beragatik eman dizkizuete horrelako lan-baldintzak?
Zalantzarik gabe. Emakumeak gara, eta zaintza egiten dugu. Zaintza historikoki isilpean eta ordaindu gabe egin izan dugun lan bat da, eta gizartea ez dago ohituta lan hori aitortzen. Ez dute gure lana aitortzen. Seguru gaude hau sektore feminizatua izan ordez maskulinizatua izan balitz, ez liratekeela gauzak horrela izango.
Zaintzak gizarteari zer ematen dio?
Nik uste dut zaintza gizartearen oinarria dela. Oinarrizko zaintza ondo egitea gizarte baten osasunaren eragileetako bat da. Gure bizi-kalitatea ona izateko, zaintza egokia izatea ezinbestekoa da.
Greba egin duzue, baina %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte.
Greba oso jende gutxik egin dugu: ia inork ezin izan du egin. Gehiengoa barrenean dago lanean, eta gustura egongo lirateke hemen. Instituzioei iruditzen zaie hau egin behar dela, baina ez dira konturatzen bihar, etzi edo hemendik hiru egunera gaur baino jende gutxiago izango dela lanean. Orduan, ez zaie batere interesatzen. Hori gure egunerokoan bizi egiten dugu, eta ikusten dugu ez Gipuzkoako Foru Aldundiari ez Jaurlaritzari ez zaiela komeni begiratzea eta enpresari esatea langileak gaur bezala egon behar direla.