Urrezko Danborra ez ematea adostu dute udal taldeek
Datorren urteko San Sebastian eguna ez da bere horretan ospatuko, eta Donostiako Udalak ez du Urrezko Danborra emango. Udaleko Bozeramaileen Batzordeak erabaki du saria ez ematea, pandemiak eragindako egoera dela eta. “Egingo ez den jaiegun horren testuinguruan gertatzen den aintzatespena da”, adierazi du Eneko Goia alkateak.
Hiritar Merezimenduaren Dominei dagokienez, Bozeramaileen Batzordeak oraindik ez du erabakirik hartu, horiek jaiegunarekin zerikusirik ez dutelako, eta ez da baztertzen geroago eman ahal izatea.
Urrezko Danborraren saria 1967an sortu zen, eta hiriaren kanpoko irudi positibo eta erakargarri bat sendotzen aktiboki eta nabarmen lagundu duten pertsona fisiko edo juridikoak saritzea du helburu. Aurten, Realeko emakumezkoen futbol eta hockey taldeek jaso dute saria.