Urteurren iluna La Cumbren
Gaur bete dira 37 urte GAL taldeak Joxean Lasa eta Joxi Zabala iheslariak Baionan bahitu zituenetik. 1983ko urriaren 15ean gertatu zen hori, eta iheslariak Alacanten (Herrialde Katalanak) bortizki erail baino lehen, Aieteko La Cumbre jauregian eduki zituzten bahituta. Bertan, torturak pairatu zituzten gau eta egunez: horregatik da ezaguna La Cumbre.
La Cumbre jauregiaren jabetza Espainiako Barne Ministeritzarena da, eta Lantxabe auzo elkarteak Donostiako Udalari eskatu izan dio jauregiaren eta inguruko lorategiaren jabe egiteko. La Cumbre jauregiko lorategia donostiarren esku utzi nahi dute, auzoko eta Donostia osoko bizilagunentzat irekita egon dadin. “Aieteko jauregiaren ateak ireki zirenean lortu zen frankismoaren usaina bertatik kentzea; berdina egin daiteke La Cumbrerekin, Lasa eta Zabalari egin zieten krimen latzarekin lotzen baitute herritarrek”, esan dute Lantxabe auzo elkartekoek.