"Garrantzitsuena ez da marka jartzea, gozatzea baizik"
Manolo Lorok (Intxaurrondo, 1963) 33 aldiz segidan egin du Behobia-Donostia lasterketa. Aurten ere lasterketa birtualean parte hartzea erabaki du, Fortuna laguntzeko. Igandean, aurrez aurreko lasterketa behar zuen egunean, egingo du.
Zergatik erabaki duzu aurten ere Behobia egitea?
Behobia laguntzeko modu bat ere bada. Nik urte asko daramatzat lasterketa honetan parte hartzen. Hasiera batean, lasterketan parte hartu aurretik, nire arrebarekin eta nire koinatuarekin joaten nintzen korrika egitera. Nire koinatuak lasterketan parte hartzen zuen, eta pentsatu nuen ez zuela hain zaila izan behar. 1987an egin nuen lehen Behobia. Geroztik, guzti-guztiak egin ditut. Aurten, uste dut are balio handiagoa duela, egoera nola dagoen eta Fortuna kirol elkartea nola dagoen ikusita. Uste dut jendearen babesa behar dutela. Garrantzitsuena ez da marka jartzea, gozatzea baizik.
Nola egingo duzu?
Hasiera batean, lasterketa bere horretan egin nahi genuen taldetxo batek. Alegia, topoa hartu, Irunera joan eta Behobiatik hasi. Baina egoera dagoen bezala, ezinezkoa da. Gainera, errepidea autoz gainezka izan daiteke, eta ibilbidea bere horretan ez egiteko esan ziguten, arriskutsua izan zitekeelako. Beraz, aukera da hirian egitea. Helburua ez denez marka egitea, proba egitea baizik, uste dut 10 kilometroko ibilbidea bi aldiz egingo dudala. Etxetik goiz atera, 6:30ak aldera-edo, hiriko toki politenetatik pasa —Zurriola, Bulebarra, Kontxa…—, Unibertsitateetatik igaro, El Diario Vasco inguruan buelta eman, Groseko Correosera iritsi arte gutxi gora behera, eta berriz ere ibilbide berdina egin. Ondoren etxera, dutxa, gosari on bat, eta eguraldi ona egiten badu, buelta bat ematera.
Bakarrik egingo duzu?
Bai. Badakit taldea osatu nahi dutela batzuek, baina nire intentzioa da bakarrik edo beste pertsona batekin joatea. Are gehiago, uste dut bakarrik egiten saiatuko naizela, lasai-lasai. Urte berezia da eta amaitzea da helburua. Gainera, lesio bat izan dut.
Igandean bertan, Behobia izan behar zuen egunean?
Bai. Lehenik, aste honetan bi edo hiru egunez egingo dut korrika, prestatzeko.
Ohiko Behobia-Donostia lasterketaren egunean, zein izan ohi da zure plana?
Ni Donostiarrak taldeko sortzaileetako bat naiz. Urte asko daramatzagu korrika, besterik gabe korrika egitea gustuko dugulako, eta Behobiako erbiak Donostiarrakoak izan ohi dira. Lasterketa egunean, denok elkarrekin joaten saiatzen gara. Bi autobus alokatzen ditugu eta talde osoa joaten gara. Ondoren bakoitzak dagokion denboran ateratzen da. Eta gozatzera.
Ondoren, bazkaria?
Taldekoek egiten dute. Baina nik egun horretan familiarekin bazkaldu ohi dut.
Nolakoa izango da aurrez aurreko Behobiarik gabeko urte hau?
Apur bat arraroa izango da. Pentsatzen dut bakoitzak bere kabuz egingo duela. Baina aurten ez du askorako emango.