Euskararen inguruko diskurtsoak: zer dago berritzeko?
Euskaraldiaren atarian, Bagera elkarteak euskararen inguruko diskurtsoei buruzko jardunaldiak egingo ditu bihar. Miren Artetxek, Jone Miren Hernandezek eta Kike Amonarrizek gai horri buruz hausnartuko dute, eta etorkizunari begira jarriko dira.
Euskara erabiltzeko edo ez erabiltzeko zein diskurtso daude egun gizartean? Ideologiak nola eragiten du? Edo zein ideologia sortzen dira? Zein aukera eta tresna ditugu euskaraz aritzeko? Zer dugu berritzeko? Galdera horiei guztiei eta gehiagori erantzuna ematen ahaleginduko dira bihar, San Telmo museoan. Izan ere, Euskaraldiaren atarian, Bagera Euskaltzaleen Elkarteak euskararen inguruko diskurtsoei buruzko jardunaldiak egingo ditu, eta hiru adituk hausnartuko dute hontaz eta hartaz: Miren Artetxe bertsolari eta ikerlariak, Jone Miren Hernandez antropologoak, eta Kike Amonarriz soziolinguista eta Euskaltzaleen Topaguneko buruak.
Bakoitzak ertz desberdinetatik helduko die euskararen inguruko diskurtsoei: Artetxek hizkuntza-ideologiari erreparatuko dio, Hernandez pertsona gazteen inguruan ariko da, eta Amonarrizek, euskaltzaleen mugimenduaren diskurtsoa aztertzeaz gain, berritu behar denaz jardungo du.
Legitimitatea da gakoa
Miren Artetxek hizkuntza-ideologiak dituen ondorioetan sakonduko du jardunaldietan. Euskararen inguruko diskurtsoak ama hizkuntzaren edo autentikotasunaren ideologiak elikatzen ditu, eta eragina dauka hizkuntzaren erabileran: “Intuitiboki iruditzen zaigu hiztun on bat dela ama hizkuntza duena, baina zenbat egongo ote dira euskara dutenak ama hizkuntza, eta gero erabili gabe edukita erdoildu zaienak? Eta, aldiz, zenbat euskara eskolan ikasi dutenak, baina gero haien bizitzako hizkuntza dutenak? Orduan, ideologia horrek ondorio batzuk dauzka. Hiztun bat ona edo txarra definitzen dugun moduaren arabera, hiztunek sentituko dute legitimitate gehiago ala gutxiago, eta horrek inpaktua dauka erabileran. Jartzen badugu hiztun onaren ezaugarri nagusi bezala euskara ama-hizkuntza izatea, euskaldun berriek legitimitate gutxiago sentituko dute, eta beraz, gutxiago erabiltzeko joera izan dezakete”, azaldu du Artetxek.
Ama hizkuntzaren ideologia berrikusi behar dela uste du Artetxek: “Autentikotasunaren ideologiak hiriko hiztunak, hiztun berriak, bestelako euskalduntasun bat adierazi dezaketen hiztunak gutxiesten ditu. Horiek baztertzen baditugu hiztun onaren ideiatik, uste dut gaizki goazela”.
Gazteei begira
Gazteek euskarari buruz esaten dutenari erreparatuko dio Jone Miren Hernandezek jardunaldietan: “Azken urteotan gazteengan jarri dugu fokoa, baina nik uste dut euren jokaera, besteak beste, gizartean gertatzen denaren isla dela, eta horretan sakondu nahiko nuke. Helduok gazteei begira gaude baina eurek helduen gizartea islatzen dute”.
Euskararen inguruko diskurtsoak aldatu behar direla uste du Hernandezek, “hamaika hiztun” mota dituelako euskarak. Gazteekin urrats gehiago egin behar direla ere uste du: “Gazteek aukera, tresna eta baliabide gehiago eduki beharko lituzkete gazte gisa euskaraz bizitzeko eta aritzeko. Jakina denez, haur, nerabe eta gazte askok eskolatik atera eta ez dute aukerarik edo aukera gutxi dute euskaraz aritzeko, euskara erabiltzeko, adibidez, euren aisialdian. Baliabideak behar dira eskolak egiten duen lan horri sostengua emateko, ikastetxetik kanpo jarraipen bat izateko”.
Euskararen erabilera, bidegurutzean
Kike Amonarrizek euskara elkarteen eta Euskaltzaleen Topagunearen historian diskurtso mailan izan dituzten oinarri, iturri eta ekarpen nagusiak azalduko ditu jardunaldietan, eta eginkizunei ere erreparatuko die.
Amonarrizen ustez, euskara elkarteen sorreran ezarritako oinarri gehienek egun indarrean diraute: “Euskara elkarteen diskurtsoa oinarritu zen, batetik, pentsakera desberdinetako euskaltzaleak elkartzeko borondatean. Bigarrena izan zen mugimendu euskaltzale autoeratua eta autozentratua lortu nahi zela, independentea beste erakunde eta elkarteekiko. Erabilera izan zen hasieratik euskara elkarteen diskurtsoaren muinetako bat, eta beste erakundeekin elkarlana edukitzeari ere garrantzia eman zitzaion”.
Etorkizunera begira, erabilera da gakoa Amonarrizen iritziz: “Lortzen badugu erabileran pauso sendoak ematea, euskararen etorkizuna normalizatuta dauden hizkuntzen norabidean jarriko dugu, baina ez badugu lortzen ezagutzan izan dugun aurrerapenaren ondorioz erabileraren alorrean ere aurrerapauso nabarmenak izatea, gerta dakiguke atzerapausoak ematen hastea”.
Euskararen diskurtsoak. Zaharrak berri?
Bagera Euskaltzaleen Elkarteak antolaturik, euskararen inguruko diskurtsoei buruzko jardunaldiak egingo dituzte azaroaren 14an, San Telmo museoan. 10:00etatik 13:30era izango da, eta www.bagera.eus webgunean izena ematea komeni da.
10:00. Kike Amonarrizen hitzaldia: Gure diskurtsoak eta euskara: Zer dugu berritzeko edo egokitzeko?.
10:30. Jone Miren Hernandezen hitzaldia: Euskara, gazteen ispiluan.
11:00. Miren Artetxeren hitzaldia: Bertsolaritzatik hiztun berrietara, hiztun berrietatik hizkuntza-ideologietara.
11:30. Atsedena.
12:00. Mahai-ingurua.