Infernutik kaleratutako 60 pertsonak babesik gabe daudela salatu dute
Etxerik Gabeko Pertsonen Batzordeak adierazi du «harrigarria» dela etxegabetzea pandemia garaian egin izana. Donostiako Udalak esan du eraikina husteko erabakia epaile batek hartu zuela, eta pertsona horiek eskura dituztela udal baliabideak.
Manfestazio jendetsua egin zuten pasa den igandean, Infernuko Fabrika eraikinetik kanporatu zituzten 60 pertsonei babesa adierazteko. Ertzaintzak hilaren 5ean egin zuen polizia operazioa, epaile baten aginduz. Pandemia garaian pertsona horiek «kale gorrian» utzi izana salatu dute hainbat herritarrek eta etxerik gabeko pertsonekin lan egiten duten gizarte eragilek.
«Gaur egungo osasun egoera larrian, harrigarria da etxegabetzea egitea», adierazi dute ohar baten bidez Etxerik Gabeko Pertsonen Batzordea osatzen duten gizarte erakundeek. Zehazki, sei dira: Emaus, Caritas Gipuzkoa, Loyola-Etxea, Arrats, Herritarron Harrera Sarea eta SOS Arrazakeria. «Guztira, 60 pertsonek utzi behar izan dute eremu hori, gure kaleetatik barrena noraezean ez ibiltzeko bizileku alternatiba duin bat eskaini gabe», salatu dute.
Aipaturiko gizarte erakundeak «aspalditik» ari dira administrazioari «gizarte zein bizitoki alternatibak» antolatzeko beharra azpimarratzen; «leku desegoki horretatik ateratzeko, non bizigarritasun eta segurtasun baldintza duinik ez dagoen, eta oinarrizko beharrak, hau da, elikadura eta higienea, nahitaez bete behar diren». Era berean, prest agertu dira laguntzeko: «Geure burua eskaini dugu, eta berdin jarraituko dugu administrazio publikoarekin lankidetzan aritzeko, pertsona horiek gizarteratzeko behar den prozesuan alternatiba sozial eta bizitzeko egokiak ahalbidetzeko».
Martxotik aurrera, Infernuan bizi ziren pertsonen gizarteratze prozesua babesteko, kolektibo horrekin egindako ahalegin ekonomiko eta soziala ez dela behar adina mantendu adierazi dute. Horrela, Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diete, dagozkien eskumenekin, «pertsona horien egoerari erantzuteko», eta «horiek planifikatzen eta gauzatzen laguntzeko prest gauden alternatibak baloratzeko».
Udalak ez du erabaki
Infernua hustearen inguruan galdegin zioten asteartean Eneko Goia alkateari, eta hauxe erantzun zuen: «Lehenik eta behin, ez dakit Infernua ezagutzen duzuen. Izenari ohore egiten dio, eta han zegoena ez da defendagarria duintasunaren aldetik». Alkateak aitortu zuen Infernuan etxebizitzak egiteko asmoa duela udalak, eta horietatik erdiak babes ofizialekoak izango direla. «Egia da ere, momentu jakin honetan hustea ez dela udalaren erabakia izan. Jabeek eskatu zuten eta epaileak eman zuen erabakia. Beraien arrazoiak izango zituzten horretarako, eta hor ez naiz sartuko».
Etxegabeen aferari dagokionez, alkateak esan zuen udalaren «obligazioa» dela eman daitezkeen egoeren aurrean erantzutea. «Infernuan bizi zirenek ez dute ezaugarri berezi bat. Gainerako etxegabeen maila berean daude. Udalak baliabideak eskaintzen ditu, eta eskatu ditzakete», adierazi zuen. Martxoko konfinamenduari erantzuteko, udalak baliabide bereziak jarri zituen etxegabeentzat. Gizarte Ekintzako sailaren bidez, milioi eta erdi gehiago jarriko dutela azpimarratu zuen Goiak. «Martxoko konfinamenduan artatu genituenetatik %50 inguru beste leku batzuetatik etorritakoak ziren. Obligazioa dugu denok laguntzeko, eta bakoitzak bere mailan erantzun behar du».
Udaleko Gizarte Zerbitzuek adierazi dutenez, Infernuan bizi zen pertsona bakarra artatu dute orain arte, eta Abegi Etxean ostatu eman zioten. Era berean, ez zuten eskaerarik jaso beste inor artatzeko, ezta ere gizarte ekintzako sistemaren beste baliabideetan sartzeko.