Ulia pasealekuko hotelaren proiektua baztertu dute
Hirigintza sailak aintzat hartu ditu Uliako Auzo Elkarteak aurkezturiko alegazioak, eta lursailaren jabeei eskatu diete hotelik ez egiteko. Auzo elkarteak pozik baina mesfidantzarekin hartu du udalaren erabakia.
Momentuz, ez dute hotelik eraikiko Ulia San Ignacio-Hermano Garate klinikaren atzean dagoen lursailean. Ulia pasealekura ematen duen eremuan 200 oheko hotel bat egitea zuten aurreikusita jabeek, baina proiektua bertan behera geratu da, udalak jabeei hala eskatu ondoren. Uliako Auzo Elkarteak jakinarazi du albistea, Arartekoaren gutun bat jaso ondoren. Izan ere, auzo elkarteak Arartekoarengana jo zuen udalari eska ziezaioten proiektuaren inguruko informazioa. Pozik daude udalak harturiko erabakiarekin, baina aurrera begira jabeek antzeko proiekturen bat aurkeztuko dutela uste dute.
Duela bi urte, San Ignacio klinika atzeko lursailean hotel bat eraikitzeko tramitazioa abiatu zuen udalak. Auzo elkarteak prentsaren bidez izan zuen proiektuaren berri, eta euren haserrea adierazi zuten. Lursaila eremu asea zen 2010ean udalak eraikigarritasuna eman zion arte. Erabaki hori ezkutuan hartzea egotzi zion auzo elkarteak udalari, eta proiektua ez onartzeko eskatu zioten irregulartasunak zituelako. Donostiako Udalbatzak 2018ko maiatzean eman zion hasierako onarpena hirigintza plan honi. Ordea, auzo elkarteak azpimarratu zuen horrelako planek ezin dutela sei hilabete baino gehiagoko epea gainditu. Kasu honetan, hori gertatu zen, udalak ez zuelako tramitazioarekin jarraitu.
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak Arartekoaren eskaerari erantzun zion, esanez udalak aurreikusitako proiektua albo batera uztea erabaki duela. «Auzo elkarteak aurkezturiko alegazioak direla eta, lursail horren antolaketaren inguruko eztabaida bat sortu da». Horrekin batera, Arzallusek Arartekoari adierazi dio udalak konpromisoa hartzen duela ahalik eta epe motzenean proiektu honen inguruko azken erabakia hartzeko.