'Eneko Goiak entzungo gaitu!' kanpaina abiatu du Piztu Donostiak
Donostiako hamasei eragile sozial, sindikal eta politikoek Piztu Donostia plataformak abiatu duen Eneko Goiak entzungo gaitu! kanpainarekin bat egin dute. Horren berri emateko elkarretaratzea egin dute gaur goizean, udaletxe aurrean. Datozen egunetan hitza hartzeko eskaera bat erregistratuko dute udaletxean. “Bi edo hiru hilabete barru Eneko Goiak udalbatzarrean entzungo gaituela pentsatzen dugu. Bitartean, udal irekia ekimena, plenoaren parodia, borroka sozialen argazki erakusketa eta beste hainbat mobilizazio antolatuko ditugu Donostian”, azaldu dute.
Udal gobernuak udalbatzarraren araudiaren aldaketa onartu zuen pasa den hilabetean. Aldaketa horrek eragileak “ahotsik gabe” utzi dituztela salatu dute, azaroko udalbatzarra egiten ari ziren bitartean: “Udaletxea udalitxia bihurtu nahi dute. Udalbatzarretan aurkeztu daitezkeen mozio kopurua mugatu dute. Indar politikoek ezin izango dituzte herritarrok edota herri eragileok nahi ditugun kontrol mozio kopurua aurkeztu. Nahikoa ez, eta udalbatzarretan aurkeztu daitezkeen gaiak ere mugatu nahi dituzte”.
Udaletik “pribatizatu ala kanpora atera atera dituzten zerbitzuen” inguruko gaiak udalbatzarretik atera nahi dituztela azpimarratu dute: “Donostia Kultura, Donostia Kirola, Dbus, Etxegintza, Donostia Sustapena, Donostia Turismoa… gai horiek guztiak udalbatzarretik atera eta publikorik ez duten entitate hauetako administrazio kontseiluetako gaiak bihurtu nahi dituzte, gai horietan guztietan herritarrei parte hartzeko aukera zapuztuz”.
Babesa adierazi duten eragileak ondorengoak dira: Errausketaren Aurkako Mugimendua, Satorralaia, ELEA-Libre, Bake Ekintza antimilitarista, BiziLagunEkin, Belartza 2 Gelditu, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Antikapitalistak, Infernua bizirik, Askapena, Ernai, Gazte Komunistak, LAB, STEILAS, ESK, EH Bildu eta Sortu.