Amiantoa duten hondakinak, Martuteneko Barkaiztegi bidean
Eguzki talde ekologista eta antinuklearrak salatu du Martuteneko Barkaiztegi bidean “bizpahiru” zaku uralita aurkitu dituztela. Zaku horien arriskuaz ohartarazi dute Eguzkikoek: “Uralita hondakin arriskutsu gisa sailkatuta dago, amiantoz osatuta dagoelako eta, beraz, kaltegarria izan daitekeelako, bai pertsonen osasunerako bai ingurumenerako”. Leku berean pilatu izan dituzte ingurumenarentzat arriskutsuak diren hondakinak; duela hilabete inguru kendu zituen bertatik Donostiako Udalak, Eguzkik salatu ondoren.
Egoeraren aurrean, bi eskaera egin ditu Eguzki taldeak: “Batetik, espero dugu erantzuleak noizbait egiten ari diren kalteaz kontziente bihurtuko direla, edo, bestela, haientzako zigorgabetasuna behingoz bukatu dadila. Izan ere, Hondakin Legeak oso zigor gogorrak aurreikusten ditu. Bestetik, espero dugu oraingoan Udalak ez duela utziko legez kanpoko hondakin-deposito hori hazten; ez duela utziko hilabeteak eta hilabeteak pasatzen neurriak hartu aurretik”.