Gabonetan, kontsumo eraldatzailea
Saretuzek kontsumo eraldatzailea bultzatzen du Donostian, eta aurtengo gabonetarako, ehun euroko hogei bono zoketatuko dituzte, hainbat dendatan kontsumitzeko.
Saretuz Donostiako Kontsumo Eraldatzailearen sarea duela bederatzi urte sortu zuten, hirian kontsumo eraldatzailea bultzatzeko helburuarekin. Mota askotako hamasei elkartek osatzen dute sarea: gobernuz kanpoko erakundeak, elkarteak, kooperatibak, kontsumo taldeak eta enpresa txikiak daude.
Kontsumo eraldatzailea tresna eta estrategia da, Lucia Peña Armijo Saretuz sareko dinamizatzailearen ustez: “Kontsumoaren ekintzak eragin handia dauka: gauza pila bat lantzeko tresna bat da, eta estrategikoki bizi garen gizartea aldatzeko balio du. Guk nahi dugun gizartean bizitzak erdigunean egon behar du, eta ekonomiak bere zerbitzura. Gizarte justu, berdinzale, solidario eta kooperatiboa nahi dugu, ingurumenarekiko erantzukizuna duena”.
Kontsumo eraldatzailearen inguruan hausnartzeaz eta hausnartzera bultzatzeaz gain, sareak “benetako alternatibak” ere proposatzen ditu, Peñaren arabera: “Kontsumo eraldatzailea egiteko benetako alternatibak proposatzeko daukagu Mapa Saretuz. Bertan ia ehun alternatiba daude, Donostiako komertzioekin eta zerbitzuekin. Izan ere, kontsumoa ez da erostea bakarrik”.
Gabonetako kanpaina
Gabonak gertu dira, eta garai horretan«kontsumoa eraldatzailea izan dadin», kanpaina bat dute martxan. Ehun euroko balioa duten hogei bono zozketatuko dituzte, Mapa Saretuz-eko komertzio eta zerbitzuetan kontsumitzeko. Parte hartzeko, www.saretuz.eus webgunean sartu behar da, eta hamar galdera laburri erantzunda, zozketan parte hartzeko aukera dago: “Trivial txiki bat da: galderak Saretuzi eta kontsumo eraldatzaileari buruzkoak dira”, azaldu du dinamizatzaileak.
Abenduaren 11n egingo dute zozketa: “Orduan jakingo dugu nork irabazi dituzten bonoak”, esan du Peñak, eta parte hartzera animatu du jendea.