Txanpuene baserria botatzeari ekin diote
Gaur eguerdian ingurua hesitu dute, eta berehala hasi dira XVIII. mendeko baserria botatzen.
Amarako Txanpuene baserria botatzeko baimena lortu ondoren, eraisteari ekin diote gaur arratsaldean. Atzo baserria eta ingurua hustu zuten, eta ingurua prestatu zuten hondeamakinak sartzeko. Gaur eguerdian ingurua hesitu dute, eta hasi dira XVIII. mendeko baserria botatzen. Baserriaren eraikin nagusiari atxikitako bi eraikinak bota dituzte, eta eraikin nagusia botatzen ere hasi dira, gaur: ganbararen zati gehiena suntsituta geratu da. Kaletik eraikinaren egurrezko egitura ikusteko modua dago.
Iñigo Etxabe maizterrak Irutxuloko Hitzari adierazi dio Eusko Jaurlaritzak ez duela baserria babestu nahi izan. Amarako azken baserria desagertzeko prozesuan dago, eta teilatuan zegoen gurutzea eta pareta bateko ateburua babestuko dituzte soilik.
Luxuzko etxebizitzak eraikiko dituzte Txanpuene baserria zegoen tokian.
Txanpuene baserriari buruzko erreportajea egin dugu aste honetako astekarian, eta Irutxuloko Hitza aste honetan Txanpuenen izan da: baserria higiezinen enpresen esku geratu zela jakin zenean, baserria husten hasi zirenean, eta Txanpuene botatzeari ekin diotenean. Astearteko, atzoko eta gaurko argazkiekin bilduma bat egin dugu.