Dbuseko langileek Mikel Zabalza omenduko dute asteartean
Egunotan 35 urte bete dira Mikel Zabalza (1952-1985) Bidasoan tortura zantzuekin hilik agertu zenetik, Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuarteletik pasa ondoren. Urteurrena dela eta, asko izaten ari dira Donostian Zabalzari egiten ari zaizkion omenaldiak, eta asteartean Dbuseko langileek egingo diotena izango da horietako bat. Izan ere, Zabalza orbaizetarra (Nafarroa) zen, baina Altzan bizi zen eta Donostiako Tranbia Konpainiako langilea zen atxilotu zutenean. Horregatik, Dbuseko Kurpil, ELA eta LAB sindikatuek deituta, langileek omenaldia egingo diote euren lankide ohiari udaletxearen aurrean, 11:00etan.
1985eko azaroaren 26ko goizaldean atxilotu zuten guardia zibilek Zabalza Altzan, ETAko kidea zelakoan. Ion Arretxe idazlea, Idoia Aierbe (Zabalzaren bikotekidea), Manuel Bizkai (Zabalzaren lehengusua) eta Patxi eta Aitor (Zabalzaren anaiak) atzeman zituzten operazio berean. Zabalza Intxaurrondoko kuartelera eraman zuten, eta handik hogei bat egunera hilik agertu zen Bidasoa ibaian, Endarlatsa (Nafarroa) inguruan, tortura zantzuekin. Bertsio ofizialaren arabera –gaur egun bertsio horrek indarrean jarraitzen du–, zona horretan ETAren arma zulo bat egiaztatzen ari zirenean, Zabalzak ihes egin zien guardia zibilei, zulo batetik ibaira erori zen eta itota hil zen. Harekin atxilotutakoek torturak salatu zituzten –Aierbek, esaterako, bizitza guztian pairatu zituen tortura haien ondorioak–, eta hainbat ikerketek bertsio ofiziala ezeztatu zuten. Kasua, ordea, artxibatuta dago 2010etik, eta ez da inoiz argitu gertatutakoa.
Dbusekoen omenaldiaz gain, larunbatean, hilaren 19an, Mikelen Txokoa inauguratuko du Mikel Zabalza Herri Ekimenak Altzako San Martzial plazan, eta udalak ere Zabalza omenduko du udal batzar aretoan egun berean. Bestalde, herri ekimenak Aierbe omendu du asteburuan, Herreratik Bidebietara egindako ibilaldian.