"Nire ustez, argi ikusi da kultura segurua dela"
Noa Egiguren Noa and the Hell Drinkers taldeko abeslaria da, eta blues-rock musika egiten dute 2016tik. 2020ak «diskoa aurkezteko aukera» izan behar zuen taldearentzat, baina COVID-19ak planak aldatu zizkien. Hala ere, bigarren diskoa aurkezten jarraitu dute, eta 2021 hasierarako «sorpresa» bat prestatzen ari dira buru-belarri.
Zer da Noa and the Hell Drinkers?
Blues estiloko musika jotzen dugu, batez ere. 2016an sortu genuen taldea, eta segituan hasi ginen kontzertuak ematen: guk uste dugu taularen gainean hartzen dela esperientzia. Berehala argi ikusi genuen zein musika mota egin nahi genuen, eta ordutik blues-rocka da gure kutsua.
Nolako ibilbidea izan duzue ordutik hona?
Blues jaialdietan eta tabernetan zuzenean jotzen hasi ginen, eta lehen diskoa argitaratu genuen, bertsioekin, 2017an. 2018an zehar diskoa aurkeztu genuen, eta 2019an gure konposizioak egiten hasi ginen. Oso modu naturalean atera ziren. Abenduan kaleratu genuen diskoa, eta bira prestatu genuen. Martxo hasieran Madrilgo La Coquette Blues tabernan jotzeko aukera izan genuen: erreferentea da blues munduan. Hori izan zen gure azken kontzertua pandemiaren aurretik.
Nola eragin dizue COVID-19ak?
Diskoa aurkeztu genuela bospasei lekutan, eta kito. 2020a zen guretzat, beste hainbat talderentzat bezala, diskoa aurkezteko aukera; gainera, ilusio handiz egindako diskoa. Bat-batean, bira hor gelditu zen, eta saiatu gara taldea sare sozialetan bultzatzen eta gure abestiak sustatzen. Posible izan denean elkartu gara maskara jantzita bideotxoren bat egiteko. Egia da entseguak egiteko eta elkartzeko aukerarik ez zegoela, baina harremanetan egon gara eta konposizioak sortzen jarraitu dugu. Hori egin dugu, eta hasi gara sare sozialetan gure singleak pixkanaka kaleratzen.
Konfinamendu ondorengo garaian kontzertuak egiteko aukera izan duzue?
Agurainen jotzeko aukera izan genuen uztailean, blues jaialdi batean. Hor konturatzen zara zenbateraino sumatu duzun taula gainean egotearen falta. Orain, sorpresa bat prestatzen ari gara, egoera pixka bat hobetzen den garairako: 2021 hasierarako kontzertu berezi bat ari gara prestatzen. Oso polita izango da. Gure bigarren diskoko abestiak joko ditugu eta konposizio berriak aurkeztuko ditugu.
Nolako urtea izan da 2020a musikarentzat orokorrean?
Nire ustez, argi ikusi da kultura segurua dela. Kontzertuetan segurtasun neurriak bermatu daitezke eta bermatuta daude. Ondo egin daitezke gauzak, eta nire ustez, ekitaldi gehiago egin behar dira, eta jendea kontzertu gehiagotara joan behar da, seguruak direlako.
Nolako 2021a nahi duzu?
Zuzenean jotzea da 2021an nahi dudana, zuzeneko kontzertuak egitea. Lokalean jotzea oso dibertigarria da, baina guk zuzenean jo nahi dugu, jendearen berotasuna sentitu, eta giroa. Orain indarrean dauden neurriak errespetatu behar ditugu, baina lehenago geunden bezala egoteko desiatzen gaude.