Aldakonea "berrantolatuko dute" Donostiako Udalak eta Kutxa Fundazioak
Donostiako Udalak eta Kutxa Fundazioak hitzarmena sinatu dute Aldakoneako hegaleko zenbait lurzoru eta Altzako Eraikuntza Institutua “berrantolatzeko”.
Aldakonearen “berrantolaketaren” ondorioz, Mandasko dukearen pasealekuaren ekialdera jaisten den hegaleko hainbat eraikin eraitsiko dituzte edo birmoldatuko dituzte, etxebizitza berriak eraikitzeko. Bertan egingo diren etxebizitzak higiezinen enpresa pribatuek kudeatuko dituzte, instituzioen kudeaketa zuzenik gabe eta etxebizitzen prezioa haien esku utziz. Ibilgailuen eta oinezkoen irisgarritasuna hobetuko dela azaldu du udalak, eta zenbait eraikin “berrantolaketatik” kanpo geratuko dira: Nazaret Zentroa eta Presentacion de María ikastetxea, besteak beste.
Altzako Eraikuntzaren Institutuaren eremua ere birmoldatuko dute, eta babes publikoko etxebizitzak eraikiko dituzte bertan.