Errege opil solidarioa, familien arrakala digitala gainditzeko
Iaz egin zuen moduan, errege opil banaketa solidarioa antolatu du Gipuzkoako Caritasek Donostian astearterako, hilaren 5erako. 1.000 errege opil zati eta txokolate beroa banatuko dituzte Gipuzkoa plazan, 10:00etatik aurrera. Zati bakoitzak bi euroko prezioa izango du, eta biltzen duten diru guztia baliabide urriak dituzten familiak arrakala digitala gainditzen laguntzeko erabiliko dute.
Koronabirusaren pandemiak eragindako larrialdialdi egoeraren aurrean, hezkuntza arloko hainbat eginbehar modu telematikoan egitera behartuta daude ikasleak, baina familia ugarik ez dituzte gailu teknologikoak erosteko baliabideak. Horregatik, Caritasek familia horiei gailu teknologikoak erosiko dizkie eta wifi-sareak kontratatuko dizkie behar duten familiei diru horrekin. Caritasen arabera, errege opil solidarioak hiru ezaugarri nagusi izango ditu: “Opil biribila: hasierarik eta amaierarik gabea, jarraia, urte osoan elkartasuna horrelakoa izatea nahi dugu. Opil zatitua eta partekatua : bidezkoa, pertsona bakoitzak bere garapenean eta gizarteratzean izan behar dituen aukeren eta baliabideen araberakoa. Onuraz beteriko opila: pertsona bakoitza egiteko gai den eta bizi den errealitatea aldatzen duen keinuen ondorioa”.
Egitasmoa Eroski enpresaren eta Union Artesana, Gaztelubide eta Zubicain elkarte gastronomikoen laguntzarekin antolatu du Caritasek. Opila Rafa Gorrotxategi gozogile ezagunak egingo du, eta txokolatea Kitzin saltokikoa izango da. Antolatzaileek herritarrak solidario izatera eta roskoa jatera hurbiltzera animatu dituzte, “baliabide urriak dituzten adin txikikoen bizi baldintzak hobetzeko”.