Kirola ezinbesteko jardueratzat jo dadin eskatzeko protesta egingo dute larunbatean
Bultza Kirola plataformak protestara deitu du larunbaterako Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburutan. Donostian, manifestazioa Bulebarretik abiatuko da eguerdiko 12:00etan. Antolatzaileek azaldu dutenez, kirola ezinbesteko jardueratzat jo dadin aldarrikatu nahi dute. “Arazoa da egun edonork egin dezakeela kirola, eskola kirola egiteko lizentzia dutenek izan ezik”, nabarmendu dute. EAEn, Eskola kiroltzat jotzen da fitxa federatiborik ez duten 6 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteen kirol erregulatua. Hain zuzen, Azaroaren 6ko dekretuak eskola kirola egitea debekatu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta horren aurretik ere zailtasunak izan zituzten eskola askotan martxan jarri ahal izateko. “Kirola modu seguruan egiteko modua bilatu behar dute”, gehitu dute Bultza Kirolatik.
Bultza Kirola plataforma kirol federazioek, taldeek eta elkarteek osatzen dute. Eurak ez ezik, Sos Eskola Kirola mugimenduak —gurasoek osatzen dutena— bat egin du manifestazioarekin.