Estrada zapata dendak ateak itxi ditu betiko
Estrada Portu kalean izan da 1940ko hamarkadatik. Lehenik jostun lantegia izan zen; ondoren, zapata denda. (Argazkia: Maite Reizabal) Etxeko zapatilak Erregeetako opari ohikoak izan ohi dira, eta zenbatek ez zituzten Estradakoak opari izango. Aurten ere, oraindik, baten batek zuhaitz azpian izango ditu Portu kaleko dendako oinetakoak, baina datozen urteetan ez dute halako aukerarik izango. Izan ere, Estradak atzo zabaldu zituen ateak azken aldiz.
1940ko hamarkadan, Carmen Ugartek jostun lantegia zabaldu zuen toki horretan bertan, Manuel Estrada bere senarraren babesarekin. Urte batzuk beranduago, haien alaba zaharrenak hartu zuen lekukotza, eta josten ez zekienez, lantegia zapata denda bilakatu zuen. Hark ekarri zituen gaurdaino ezagun egin duten abarkak eta alpargatak, eskuz eginikoak Gipuzkoan eta Errioxan. Alaba hura ezkontzean, beste alaba batek hartu zuen dendaren ardura: Esther Estradak. Hura izan da gaurdaino dendaren jabea: “Amaren sabelean nengoenean hemen izaten nintzen, eta hemen hazi nintzen. Nire etxean baino gehiago bizi izan naiz Portu kaleko lokal honetan. Ama lanean zebilen bitartean, ni hemen izaten nintzen berarekin, baita ikasten hasi nintzenean eskolatik bueltan ere”, kontatu du Esther Estradak. Hain zuzen, IRUTXULOKO HITZAk zapata dendaren historia eta ixteko arrazoiak jaso zituen erreportaje batean.
Itxi aurretik, Estradak eskerrak eman nahi izan dizkie bezeroei emandako “babesagatik” eta izandako “fideltasunagatik”: “hainbat urtez etxeko zapatilak erosi dituzuenei; udan espresuki edo San Tomas aurretik alpargatak eta abarkak erostera etorri zaretenei; hainbat txokotatik oinetako bila etorritako dantzariei; euskal sustraiak dituzuen Ipar eta Hego Ameriketako bezeroei; Parte Zaharreko bizilagunei; lagun bilakatu zareten bezero guztiei; Estrada gaurdaino izan dena egin duzuenei: eskerrik asko hainbeste urtez zuen oinak janzteko aukera emateagatik. Polita izan da zuek bidaide izatea”. Agur eta dotore, Estrada.

