Mundaiz kaleko eraikin bat bota dute, tren geltoki berrira egokitzeko
Autocares Díez enpresak azken 60 urteetan Mundaiz kaleko eraikin batean eduki izan ditu autobusak, baina eraikina bota egin dute Norteko geltoki berrirako espazioa egokitzeko. Izan ere, uztailean hasi zituzten Donostiako abiadura handiko trenaren geltokiko lanak.
Mundaiz kaleko 24. zenbakian zegoen garajea, Federico García Lorca kaletik Egiako parkera joateko pasabidearen azpian, hain zuzen. Autocares Díez autobus enpresak eraikina Renferi alokatu izan dio azken sei hamarkadetan, baina tren geltoki berriaren obrak hasitakoan, Donostiako Udalak Renferi adierazi zion eraikin hori eraberritu egin behar zela abiadura handiko trenaren geltokira egokitzeko. Hala ere, Renfek alokairua eten zion Autocares Díez enpresari, eta duela bi hilabete eraitsi zuten eraikina. Mundaiz kaleko gainerako eraikin gehienak ez dira Renferenak, beste jabe batzuk dituzte, alegia. Horregatik ez dituzte eraitsi, nahiz eta haien etorkizuna ez dagoen argi.
Uztailean hasi zituzten Donostiako abiadura handiko trenaren geltokiko lanak, eta orain Telefonicako eta Iberdrolako sareak desbideratzen ari dira. Euskal Trenbide Sarea (ETS) eta Estatuko Trenbide Azpiegituren Administratzailea (ADIF) dira geltokiko lanen arduradunak. 80,4 milioi euroko aurrekontua (BEZ barne) dute eta 42 hilabeteko egikaritze epea.