Bihar elurra egingo balu, Donostia prest egongo dela esan du udalak
Donostiako Udaleko Hiri Segurtasun eta Herri Babeseko departamentuak Elurrak Plana martxan jarri du, bihar elurra egingo balu, sor daitezkeen larrialdiei aurre egiteko. Izan ere, bihar 0 eta 200 metro artean elurra egiteko arriskua dagoela iragarri dute, eta udala hasi da jada zenbait eremutan gatza botatzen, bihar izotz plakak sortzea ekiditeko. “Etxegabeentzako dispositiboa” martxan jarri dezaketela ere azaldu dute.
“Udalaren departamentu ezberdinek tamaina ezberdinetako 60 ibilgailu inguru dituzte prest, baita 55 tona gatz ere, sor daitezkeen beharrei aurre egiteko. Helburua elurraren ondorioei aurre egitea da, hiriko errepideak ahalik eta azkarren garbituz, lehentasunezko zerbitzuak eman ahal izateko”, azaldu du Martin Ibabe Hiri Segurtasun eta Herri Babeseko zinegotziak.