Burua altxatzeko aukera berri bat du Gipuzkoa Basketek
Urte hasiera ez da samurra izaten ari Gipuzkoa Basketentzat. Etxenike jokalariak min hartu eta denboraldiari agur esan ondoren, Marcelo Nicola entrenatzaileak positibo eman du COVID-19arekin. Igandean Tenerife hartuko dute Illunben, eta Iñaki Martinek beteko ditu entrenatzaile lanak. Era berean, igandean egingo du debuta Mike Carlson jokalari fitxatu berriak. Burua altxatzeko aukera berri bat du Donostiako taldeak, baina aurrez aurre denboraldiko talde esanguratsuetako bat izango du.
Ibaeta Basketek, berriz, bihar jokatuko du Gaskan astebeteko atsedenaren ondoren. Garaipenaren bidea berreskuratzea du helburu Azu Muguruzak gidaturiko taldeak. Sailkapenaren putzuan dagoen Extremaduraren kontra ariko dira. Urteko lehena eta sasoiko hamaikagarren garaipena eskuratzen ahaleginduko dira.
Futbolean, partida zailak dituzte Realeko bi taldeek. Imanol Alguacilen taldeak Sevillaren zelaian jokatuko du bihar eguerdian. San Mamesen irabazi ondoren, hautsitako boladari ezin izan zioten jarraipena eman Osasunaren aurka Anoetan. Goiko postuetan mantentzeko hiru puntuak lortzea ezinbestekoa da. Ordea, ez dute arerio erraza izango. Natalia Arroyok gidaturiko Realari dagokionez, bertan behera geratu da Real Madrilen aurka Zubietan jokatu behar zuten neurketa. Filomena denboraleak eragindako elurtearengatik, madrildarrek ezin izango dute Donostiara etorri.
SASKIBALOIA
Emakumezkoen lehen maila, 20. jardunaldia
Ibaeta Basket – Extremadura (Larunbata, 18:00)
ACB liga, 19. jardunaldia
Gipuzkoa Basket – Tenerife (Igandea, 17:00)
FUTBOLA
Gizonezkoen lehen maila, 18. jardunaldia
Sevilla – Reala (Larunbata, 14:00)
Emakumezkoen lehen maila, 15. jardunaldia
Reala – Real Madril (bertan behera)