Txillardegiren omenez irakurraldi musikatu bat egingo dute
Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’ hizkuntzalari, idazle eta politikariaren heriotzaren bederatzigarren urteurreneko omenaldia antolatu du Txillardegi Udal Liburutegia herri ekimenak.
Hilaren 14an, Bioi, Aresti eta Azurmendiren belaunaldi literarioari omenaldia irakurraldi musikatua egingo dute Viktoria Eugenia Klubean, 19:00etan. Fito Rodriguezek idatzi du testua, eta irakurtzeaz arduratuko dira Olatz Beobide eta Oihana Maritorena. Zuzeneko musika, berriz, Pelaxek eta Telmo Trenorrek jarriko dute.
Hilaren 16an, berriz, ohiko ekitaldia egingo dute Antiguako Txillardegi plazan (Gaskonia), 12:30ean. Beñat eta Unai Gaztelumendi anaiek, Janitz Enparantza txistulariak, eta Sua Enparantza eta Natale Bueno dantzariek parte hartuko dute.