Egiako tuneleko '30 urte habia-kutxekin' erakusketa hilabete bukaerara arte luzatu dute
Askotariko animalien argazkiak daude ikusgai Egiako tuneleko erakusketan. (Argazkia: Beñat Parra) Parkea Bizirik elkarteak antolatutako 30 urte habia-kutxekin erakusketa hilaren 2an bukatzekoa zen, baina “izandako harrera ona ikusita”, urtarrilaren 31ra arte luzatu dute. Elkarteak azaldu duenez, pozik daude erakusketak izandako harrerarekin, eta horregatik eskatu zioten luzapena udaleko gune publikoaren erabileraren sailari.
Parkea Bizirik elkarteak azken 30 urteotan habia-kutxekin egindako lana dago ikusgai Egiako tuneleko erakusketan. Izan ere, 1990ean hasi ziren Egiako parkean habia-kutxak jartzen, eta beste hainbat gunetan jarri dituzte ordutik: Ametzagainan, Ulian, Larrañategin, Igeldon, Astigarragan, Oreretan, Oiartzunen eta Aiako Harrian, esaterako. Azken hiru hamarkadotan, 7.200 ikuskapen egin dituzte, eta mota askotako 2.371 hegazti atera dira euren habia-kutxetatik. Hegaztiez gain, hainbat ugaztun txikik ere habia-kutxak erabili izan dituzte.
Naturzaleak eskertuta agertu dira erakusketak herritarrengandik jasotako erantzunarekin: “Eskerrak eman nahi dizkiogu erakusketa muntatu zenetik jaso dugun arrazoi naturalistarekiko atxikimenduari, jendeak gelditu eta egindako lana eskertzen zigunean. Mezu elektroniko benetan politak jaso ditugu, ikusgai dauden argazkiez gozatu eta ikasi duten pertsonenak; ez dira gutxi izan, halaber, oinez doazelarik erakusketa ikusteko gelditu direnak, soilik ikustera bertaratu direnak edo munduko beste pertsona batzuekin birbidali eta partekatzeko bideoak eta argazkiak atera dituzten oinezkoak”.
Era berean, nabarmendu dute erakusketak izandako arrakastak erakusten duela gizartea gero eta kezkatuago dagoela ingurumenaren egoerarekin: “Ingurumenaren kontserbazioarekiko atxikimendua eta interesa besteak beste, ideologien, generoaren, adinaren, lanbidearen edo kredoaren gainetik dagoela egiaztatu dugu eta giza jarduerak Lurrari eragiten dion sukarragatik gero eta kezka handiagoa eta globalagoa dagoela; aldi berean, jendeak basa-bizitza gure inguruan jarraitzea gustuko duela erakutsi du”.

