Internet bidezko azoka txikia sortu dute Bidebietan

Bidebietako bizilagun talde baten ekimenez, auzoko azoka txiki birtuala sortu dute, bizilagunen artean mota guztietako objektuak eta produktuak salerosteko eta trukatzeko. Auzoko bizilagunak euren artean elkar laguntzea da helburua, azoka txikian gauzak erosi, saldu, trukatu eta oparitu egin baitaitezke.
Egitasmoan parte hartu ahal izateko, azoka txikiaren Facebookeko orrialdean izena eman beharra dago. Hortik aurrera, taldean edukia argitaratu daiteke, baita gainontzeko partaideek argitaratzen dituzten eskaintzei erantzun ere. Azaroaren 16an abiatu zuten azoka, eta bi hilabeteotan arrakasta izan badu ere, 2021ean zehar azoka txikian gero eta salerosketa gehiago egitea da antolatzaileen helburua, auzoaren mesedetan, beti ere.