San Sebastian eguna iragartzeko emanaldi berezia egingo du Donostiako Udalaren Txistulari taldeak
Datorren igandean, hilaren 17an, Donostiako Udalaren Txistulari taldeak San Sebastian aurreko kontzertu berezia emango du Koruko Andre Mariaren basilikan, 12:30etik aurrera. Txistulariekin batera ariko dira Kantuban Abesbatza, Miren Urbieta-Vega, Aiert Beobide, Nogen eta beste hainbat lagun.
Emanaldian hainbat pertsonaia zein ospakizun esanguratsu izango dira gogoan Donostia ardatz hartuta: Aita Donostia, Pablo Sorozabal, Klaudio Sagarzazu eta donostiako merkataritza, besteak beste. Egungo egoeraren eraginez sarrerak aurretik eskatu beharko dira Donostia Kulturaren webgunean; 10:00etan jarriko dira eskuragarri.
Errepertorioari dagokionez, Gabiltzan kalez kale biribilketarekin abiatuko dute kontzertua. Agurra osatzeko, Oiert Beobidek Alkate soinua eta Ohorezko kontrapasa dantzatuko ditu. Bestalde, aurten 100 urte bete dira Jose Gonzalo Zulaika Aita Donostia folkloristaren lehen kantu bilduma argitaratu zenetik, Euskal Kantutegia bilakatuko zenaren lehen saiakeraren mendeurrena. Hiriaren izena mundu osora zabaldu duen musikagilearen Oinazez kantua eskainiko dute Miren Urbieta-Vega sopranoak eta txistulari taldeak ospakizunaren aitzakian. Urteurrenekin jarraiki, soprano donostiarrak bigarren kantu “goxo eta samurra” eskainiko du: Haurtxoa sehaskan. Klaudio Sagarzazu idazlearen heriotzaren 50. urteurrena betetzen da aurten.
Nogen talde donostiarrak, berriz, ukelelearekin eta gitarrarekin Zuek eta Donostiako ziudadea kantuak joko dituzte. “Modako folk-pop taldeak Pedro Mari Otañoren hitzak bere musika tankerara eraman ditu espresuki iragarpen kontzertu honetarako”.
Pandemiari ere keinu bat egingo diote txistulariek: “Ospakizunak ez du ahaztuko egungo pandemia. 2020an hasitako egoera gogorrak guztiz aldatu ditu gure bizitzak eta ospakizunak. Denda txikiek hainbeste sufritu duten eta sufritzen ari diren honetan, garai zaharretako komertzioen irrati iragarki doinuak ekarriko ditu gogora txistulari taldeak: Churreria Celigüeta, El Bufalo eta Amuebladora Comercial Hispania”.