Aieteko osasun zentroa ireki dute
Duela hilabete ireki zuten Aieteko anbulatorioa. (Argazkia: Inaxio Esnaola) Aieteko anbulatorioa martxan da. Osakidetzak hedabide honi baieztatu dio osasun zentroko “zerbitzu guztiak normaltasunez” hasi direla gaur lanean. Zabalik badago ere, Osakidetzak ez du zehaztu noiz izango den inaugurazio ofiziala. IRUTXULOKO HITZAk jakin ahal izan duenez, Aieteko bizilagunek bihar gutun bat jasoko dute zerbitzu horien berri emanez, baita zerbitzu horietarako hitzorduak nola eskatu azaltzen ere.
Aldaketarik ez bada, ondorengo zerbitzuak emango ditu Aieteko anbulatorioak: Familia Medikuntza, Pediatriak, Erizaintza, odola ateratzeko eta sendaketak egiteko zerbitzua, Errehabilitazio Psikiatrikorako Unitatea eta Emakumea Artatzeko zerbitzua.
Albiste ona
Eneko Goia Donostiako alkatearentzat eta EH Bildu udal taldearentzat “albiste ona” da Aieteko anbulatorioa ireki izana. “Denbora luzez eskatzen genuen azpiegitura zen hau. Azkenean, lortu genuen auzo elkartearen laguntzari esker, gune egokia topatzea. Pasa den urteak atzerapenak ekarri dituen arren, merezi izan du itxaronaldiak”, esan du Goiak.
EH Bilduk, berriz, egitasmoa alkatetzan zeudenean “desblokeatu” zela azpimarratu dute; “partehartze prozesu baten bidez erabaki zen”. Horrez gain, “bizilagunen eskaera historiko bati erantzuten” diola adierazi dute.

