Antton Troitiño euskal preso donostiarra baldintzapean aske geldituko da
Antton Troitiño euskal preso donostiarrak 30 urte baino gehiago egin ditu kartzelan. (Argazkia: EITB) Espainiako Auzitegi Nazionaleko Jose Luis Castro epaileak erabaki du Antton Troitiño Intxaurrondoko euskal presoa baldintzapean aske uztea, hirugarren gradua emanda (espetxe araudiaren 104.4 artikulua). Troitiñok gaixotasun larri eta sendaezina dauka eta horregatik hartu du erabaki hori Castrok, autoaren arabera, “neurri aringarrien bidez” baino ezin baita tratatu, eta, beraz, “espetxean egoteak horiek zaildu ditzake”.
Etxeratek salatu duenez, “Donostiako presoaren egoeraren jatorria espetxean jasandako muturreko baldintzak eta euskal presoek jasaten dituzten zigor luzeak dira”. Horregatik, “beste behin ere”, larriki gaixorik dauden presoen “berehalako askatasuna” eskatu dute. Hain zuzen, Espetxetako Idazkaritza Nagusiak joan den urrian iragarri zuen Troitiño Soriako espetxera lekualdatuko zuela, Espainiako Gobernuak bultzatutako euskal presoen lekualdatze eta hurbiltzeen testuinguruan.
Troitiño 1987an atxilotu zuten, eta 24 urtetik gora pasa zituen Huelvako espetxean. 2011. urtean atera zen, baina egun gutxitara berriz atxilotu nahi izan zuten, Parot doktrina aplikatuta. Azkenean, Londresen atxilotu zuten 2012an. Gerora, Intxaurrondokoaren aurkako Espainiaratze agindua eskatu zuten, eta 2017an Espainiara estraditatu zuten. Gaur egun, Madrilgo Estremerako kartzelan dago, sei urteko kartzela zigorra betetzen; datorren urtean beteko luke zigor osoa. Guztira, 30 urte baino gehiago egin ditu espetxealdian.

