Hogei taberna baino gehiagok terrazak jarri dituzte aparkalekuetan eta gertuko kaleetan
La Tita Lupe da aparkalekuetan terraza jarri duen tabernetako bat; joan den astean muntatu zuten terraza. (Argazkia: Maite Reizabal Arregi) Donostiako Udalak azaroan iragarri zuen ostalaritza establezimenduetako terrazetako araudia malgutu egingo zuela, taberna eta jatetxeek terrazak aparkalekuetan eta gertuko kale eta plazetan jarri ahal izateko. Pandemiaren testuinguruan ostalaritzak jasandako kalteak arintzeko helburuarekin hartu zuen udalak neurri hori, eta azken datuen arabera (abenduren 25era artekoak), terrazak zabaltzeko 21 baimen eman ditu udalak. Era berean, beste sei eskaera onartzeke daude oraindik: hiru kudeatzeke daude, bi Mugikortasun sailaren txostenaren zain daude eta batek behin-behineko baimena du.
Baimendutako eskaera gehienak establezimenduaren inguruko bi aparkaleku –gehienez bi hartu daitezke terraza jartzeko– okupatzeko dira; hamabi eskaera, hain justu. Bestalde, lau baimen eman dituzte terraza jartzeko establezimenduaren ondoko kale eta plazetan, eta beste lau establezimenduaren pareko espaloian mahaiak jartzeko, galtzadaren beste aldean, alegia.
Baimen gehien jaso dituen auzoa Gros da, zortzirekin (Kursaal tako jatetxea, La Tita Lupe taberna, Juanjo taberna, Gure Txoko taberna, Goat taberna, Ohbaba taberna, Gatxupa taberna eta Moto Club taberna). Bestalde, Erdialdeko bost establezimenduk jaso dute baimena (Oquendo jatetxea, Rolls taberna, La Mina pizzeria, Izarraitz taberna eta Esnaola edaritegia), Parte Zaharreko lauk (Eibartarra taberna, Txoko jatetxea, Etxekalte taberna eta Capricciosa pizzeria), Egiako bik (Koskorrio eta Agreda tabernak), Bidebietako batek (Alai taberna) eta Antiguako beste batek (Antiguo Bodegon tabernak).

