EH Bilduren ustez "hiri ereduaren krisia" gainditzeko unea da

EH Bilduk ikasturte politiko berriari buruzko adierazpena aurkeztu du. 2021. urtea ere “oso gogorra” izango dela adierazi du Reyes Carrere bozeramaileak: “Donostiako hiri eredua krisi batean murgildua dago. Pandemiak gogor kolpatu du Donostiako eredu sozioekonomikoa, inguruko hirietan baino gehiago, eta lehenagotik zetozen desorekak eta joera desegokiak areagotu ditu”.
Langabezia, saltokien itxierak eta auzoen arteko desberdintasunak gero eta handiagoak direla azpimarratu du. “Aldi berean, hiriko bizitza garestitzen ari da, eta etxebizitza maximo historikoetara iritsi da”. Datozen aste eta hilabeteetan hiri bezala hartu beharreko erabakiak “funtsezkoak” izango direla esan du, “hiri krisi honetatik ateratzeko eta krisia areagotzeko”. Horri aurre egiteko, EH Bilduk hiriaren garapen sozial eta ekonomikoa hobetzea da irtenbidea. “Ezer gertatu ez balitz bezala jokatzeak, eta porrot egin duen eredu baten alde egiten jarraitzeak, joera horiek areagotzea eta krisiaren irteera atzeratzea besterik ez du lortuko. Garaia da Donostia bide onean jartzeko”, esan du Carrerek.
EH Bilduk “ahaleginak biderkatuko” ditu herritarrari “beste hiri eredu bat” eskaintzeko. “Hain zuzen ere, Eneko Goiaren eredua gaindituko duen hiri eredu bat”. Udal taldearen ustez hiri ereduak hiru helburu argi izan behar ditu: “Pertsonen eta auzoen arteko desoreka ekonomikoak eta sozialak murriztea, justizia sozialean oinarritutako politikak aurrera eramatea inor atzean ez uzteko, eta trantsizio ekologikorako politika ausartak ezartzea klima-aldaketari aurre eginez”.