Gurutze Gorriak zortzi langile kaleratu nahi dituela salatu dute langileek
Gurutze Gorriak zortzi langile kaleratuko dituela salatzeko, elkarretaratzea egin dute gaur goizean Gurutze Gorriko hamarnaka langilek Anoeta estadioaren aurrean, Gurutze Gorriaren egoitza atzean zutela.
Maia Beitia ELA sindikatuko kideak azaldu duenez, zortzi langile horiek ez kaleratzeko eta enpresan birkokatzeko eskatu dute: “Duela sei aste jakinarazi ziguten dirulaguntzak gutxitu direla eta zortzi langile kalera joango direla Gurutze Gorrian. Hainbat bilera egin ditugu enpresarekin eta datu horiek momentuz ez dituzte justifikatu. Orduan, uste dugu kaleratze horien atzean beste helburu bat dagoela, eta guk eskatzen duguna da 250 langiletik gorako enpresa batean badagoela tokia birkokatzeko. Baina hori ez dute justifikatu eta argudiatu, eta zuzenean kaleratzeak proposatzen dituzte. Ez gaude inola ere ados. Gurutze Gorriak lan handia egiten du gehien behar duen jendeari laguntzeko, eta guk uste dugu badagoela aukera beste konponbide bat aurkitzeko”.
Urko Galagarra komiteko lehendakaria da, eta mobilizazioei ekin dietela adierazi du: “Komite berri bat sortu zen orain dela hilabete batzuk, eta oraindik ez da inolako mugimendurik egon langileen inguruan, baina oraintxe jende guztia elkartu gara hemen Donostian. Gipuzkoako beste leku batzuetan ere egingo dituzte mobilizazioak, aldarrikatzeko enpresari orain arte justifikatu ez den zerbait ezin dela egin, ezin dituzte zortzi pertsona kaleratu. Pertsonekin lan egiten dugu, eta gu ere pertsonak gara”.