Kanporatuta, baina harro
Realak Superkopako finalerdi bikaina jokatu zuen asteazkenean Bartzelonaren aurka, baina Ter Stegen atezainak bere gaua izan zuen, eta hari esker irabazi zuten katalanek.
Realak gogotsu egin zuen salto Kordobako Arcangel berrira, eta argi utzi zuen hasieratik zaila jarriko ziola Bartzelonari Superkopako finalera pasatzea. Bartzelona Reala baino azken jardunaldietan emaitza eta sentsazio hobeak izanda heldu zen Superkopara, baina Messi azken orduko baja izan zen talde katalanarentzat, eta horrek indarrak pixka bat berdindu zituen.
Horrela, lehenengo ordu erdian txuri-urdinak izan ziren nagusi: presio handia egin zuten Bartzelonaren zelaian, baloia gehiago izan zuten eta gol aukeraren bat ere izan zuten, baina ez zuten baloia hiru zutoinen artean sartzen asmatu.
Pixkanaka, Bartzelona bere jokoa aurkitzen joan zen, Busquetsen, Pedriren, Griezmannen, Braithwaiten eta Dembeleren bitartez, eta hala heldu zen katalanen gola: Braithwaitek pase bikain bat eman zion Griezmanni, Realeko jokalari ohiak erdiraketa neurtua jarri zion De Jongi, eta honek buruz Remiroren atea gainditu zuen. 39. minutua zen, eta kolpe gogorra izan zen txuri-urdinentzat, atsedenera arte Bartzelona izan baitzen nagusi.
Bigarren zatian, aldiz, Reala indartsu atera zen berriz, eta hainbat aldiz hurbildu zen Ter Stegenen areara. Halako batean, 49. minutuan, De Jongek baloia eskuarekin ukitu zuen area barruan, eta epaileak penaltia adierazi zuen. Oiartzabalek bota zuen, eta nola ez, sartu egin zuen.
Berdinketa zen markagailuan, eta hortik aurrera partida guztiz ireki zen, gerturaketak eta gol aukerak izan baitziren bi areetan. Norgehiagoka bizia izan zen, joan etorrikoa, eta aipatzekoa da Bartzelonako Dembelek eta Realeko Isakek egindako partida, min handia egin zuten biek aurkakoaren defentsan. Hala ere, bi taldeak oso ondo aritu ziren defentsa lanetan, eta 1-1-ekoarekin iritsi ziren 90. minutura, fisikoki leher eginda.
Luzapena, Januzajena
Berdinketarekin, 30 minutuko luzapenera iritsi zen finalerdia, eta lehenengo zatia nahiko berdindua izan bazen ere, aukerarik argiena txuri-urdinek izan zuten: sekulako jaurtiketa egin zuen Zalduak urrutitik, baina Ter Stegenek geldiketa izugarria egin zuen. Horrela, atsedenera heldu ziren, eta bigarren zatian Januzaj atera zen, azken hamabost minutuan erotzeko.
Januzaj zelairatzeak beste erritmo bat eman zion partidari, eta taldea indarberritu egin zen. Eskuin hegaletik abiatuta, bere oinetara heldu ziren baloi guztiak arriskutsuak izan ziren Bartzelonarentzat. Lehenengo, erdiraketa bikain bat jarri zion Oiartzabali, baina eibartarra, nahiz eta oso lan ona egin norgehiagoka guztian zehar, ez zen fin ibili atera begira, eta huts egin zuen honetan ere. Hurrengo jokaldian, zelai erdiaren inguruan baloia hartu zuen Januzajek, eta eskuin hegal guztia ziztu bizian igaro zuen Bartzelonaren defentsak gaindituz, baina bere jaurtiketa Ter Stegenek gelditu zuen, hatz puntekin baloia justu-justu ukituta. Handik gutxira, falta jaurtiketa bikain bat egin zuen belgiarrak urrutitik, baina Ter Stegenek mirarizko beste geldialdi bat egin zuen, baloia zutoinera bidaltzeko.
Realak partida irabazteko merituak egin zituen luzapenean, baina atezain alemaniarrak bere maila erakutsi zuen, eta hari esker, penaltietara heldu ziren. Ter Stegen penaltietan ere bikain aritu zen, lehenengo biak gelditu baitzituen: Bautistarena –penaltia botatzeko zelairatu zuen Alguacilek– eta Oiartzabalena –bere ibilbide profesionalean sartu ez duen lehenengo penaltia izan zen–. De Jongek Bartzelonaren lehenengo penaltia huts egin zuen, baina Demebelek bere sartu zuen, katalanak markagailuan aurreratuta. Hurrengoa Willian Josek bota zuen, baina zutoinera bidali zuen, eta aldapan gora jarri zitzaion kanporaketa Realari.
Pjanicek hirugarrena sartu egin zuen, baita Merinok laugarrena ere. Zaila bazirudien ere, bukaerara arte finalera pasatzeko aukerak izan zituzten txuri-urdinek, Griezmannek bere penaltia zerura bidali ondoren, Januzajek Ter Stegen gainditu zuen. Riqui Puigek azken penaltia sartzen ez bazuen, berdinduta egongo ziren berriz bi taldeak, baina Puig gazteak ez zuen huts egin, eta baloia sareetara bidali zuen.
Finalera heltzeko ametsa bukatu egin zen, baina txuri-urdinek harro utzi zuten zelaia, irabazteko merituak egin zituztelaren jakitun. Horrela jarraituz gero, gauza handiak egin ditzake talde honek aurten.