Urtarrilaren 30ean Aldaketaldia egitasmoaren manifestazio bateratua egingo dute Donostian
Larreko Mahaiak U30 Aldaketaldia aurkezteko prentsaurrekoa egin du gaur, Bulebarrean. Hilaren 30aren bueltan, ahal den herri, auzo, ikastetxe eta lan zentro guztietan klima, bioaniztasun eta ingurumen larrialdia salatzeko ekintzak antolatzea dute helburu. Horiek ikuspegi lokaletik izango lirateke.
“Agintari politikoek, orain pandemiaren aitzakian, eredu ekonomiko eta sozial jasanezinean sakondu eta larrialdi-egoera areagotzen jarraitzen duten honetan, beharrezkoa da norabide aldaketa sakona exijitu eta trantsizio ekologiko eta sozialki justu baten alde urratsak emango dituen jendartea aktibatu eta saretzea”, adierazi dute. Hori dela eta, hilaren 30an edo aurreko zein ondorengo egunetan, larrialdi ekologikoari loturiko salaketa eta aldarrikapen ekintzak egitea proposatu dute: “hitzaldiak, elkarretaratzeak, bizikleta-martxak, kostaldean edo ibaietan plastiko bilketak, zuhaitzak landatzea, proiektu erraldoiren batek mehatxatutako natur guneetan ibilaldiak… eta bururatzen zaizuen guztia”.
Otsailaren 6an Zaldibarko zabortegia erori zeneko urteurrena izango dela eta, U30 Aldaketaldia egitasmoaren bidez hori gizarteratzen lagundu nahi dutela esan dute. “Zaldibarkoan argi geratu da Euskal Herrian, ingurumen alorrean, gauzak ez direla ondo egin eta ez direla ondo egiten ari”.
Dagoeneko Gipuzkoako hogei herri baino gehiagotan ekintzak konprometituta daude egitasmoaren barruan, eta tartean da hilaren 30ean Donostian egingo duten manifestazio bateratua. Egiako parketik abiatuko dira 17:00etan, eta Bulebarreraino joango dira.