Danbor hotsik gabeko gaua
1930. urteko sansebastianetan, Jose Antonio Begiristain alkateak gauez danborrak eta upelak jotzea debekatu zuen. Eskakizuna Immoralitate Publikoaren Aurkako Espainiako Liga izeneko erakunde batek egin zuen, idatzi baten bitartez, eta 400 donostiarrek sinatu zuten.
Aurten, urtarrilaren 20ko gauerdian, norberak bere etxetik jo beharko du danborra edo upela, etxeratze agindua dela eta. Baina sansebastianetako soinuak ez dituzte debekatuko. Ordea, egoera oso bestelakoa izan zen 1930eko danborrada gauetan.
Garai hartan, Espainian, Primo de Riveraren diktadura zegoen oraindik, eta 1926an Immoralitate Publikoaren Aurkako Espainiako Liga izeneko erakunde bat sortu zen, delegazio probintzialak zituena, besteak beste, Donostian. Hain zuzen, Javier Maria Sadak eta Mikel G. Gurpegik Tamborrada-Danborrada liburuan jasotakoaren arabera, erakunde horrek idatzi bat egin zuen gaueko danbor hotsak eta dantza lotuak debekatzeko eskatzeko, moraltasun publikoaren kontrakoak zirelakoan. 400 donostiarrek baino gehiagok sinatu zuten, eta garaiko alkateak, Jose Antonio Begiristainek, erabaki zuen gauean danborradak debekatzea. El Pais Vasco izeneko egunkariak haren hitzak jaso zituen: «Ez dut danborrada debekatu; soilik hainbat unetan dago debekatua. Koxkeroetan koxkeroena naiz. Donostiako tradizioak ezagutzen ditut […] eta ez dut ezer tradizionalik debekatu. […] Gaueko bakea hondatzea, hori da baimendu ez dudana, eta hori ez da antidonostiarra izatea».
Debekuak debeku, danbor hotsak ez ziren eten. Aipatutako liburuan adierazten denez, hainbat elkartek berdin-berdin danborrak eta upelak jotzea erabaki zuten banderaren igoeran, nor bere egoitzatik atera gabe. Izan ere, araudia ez zegoen argi, eta zaintza gutxi izan zen. Are gehiago, Gaztelupeko danborrada Parte Zaharretik aritu zen desfilatzen. Zabalgunean istiluak izan ziren, El Pais Vasco egunkarian jaso zenez: 200 bat lagunek zarata egiten zuten tresna mota askorekin—besteak beste, petrolio latekin— danborrada egin zuten hainbat kaletan zehar, eta alkatearen etxe azpian ere jo zuten. Debekatua zegoenez, Polizia etorri eta hemezortzi lagun atxilotu zituen.
Debekuak soilik urte horretan iraun zuen. Izan ere, hurrengo urtean, normaltasuna itzuli ziren San Sebastian gauera.