Estatuaren biktimei buruzko Euskal Legearen ezarpenerako laguntza eskatu du Egiari Zor fundazioak
Ezkerretik eskuinera, Mikel Paskual, inkontrolatuek belaunean tiro egin zioten donostiarra; Belen Aguilar, BVEk hildako Justo Elizaran donostiarraren bikotekidea; eta Ainara Esteran, Egiari Zor taldearen bozeramailea. Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Batzordea egin zuten atzo, eta Egiari Zor fundazioko ordekaritza batek parte hartu zuen, EH Bilduren ekimenez. Egiari Zorrek estatuaren biktimei buruzko Euskal Legearen (5/2019 Legea) ezarpenean laguntzea eskatu zien udal taldeei. Horri esker, egitasmo instituzional bat adostuko dute alderdi guztiek.
Ordezkaritza hiru pertsonak osatu zuten: Ainara Esteranek, Egiari Zor taldearen bozeramaileak, Belen Aguilarrek, BVEk hildako Justo Elizaran donostiarraren bikotekideak, eta Mikel Paskualek, inkontrolatuek belaunean tiro egin zioten donostiarrak.
2019ko irailaren 27an epea zabaldu zen giza eskubideen urraketen biktimak apirilaren 4ko 5/2019 Legearen babespean aitortzeko eskaerak aurkezteko. Lege horrek aldatu egin zuen uztailaren 28ko 12/2016 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoan 1979 eta 1999 urte bitartean izandako motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasandako biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematekoa. Legearen bidez aitortza jaso dezakete 1979tik 1999ra bitartean estamentu ofizialek praktikara eramandako edo sustatutako biolentziek EAEn eraildako, torturatutako edo larriki zauritutako pertsonek (edo urraketaren unean EAEn bizi zirenek).
Egiari Zor fundazioko kideek azaldu zutenez, biktima izaera aitortzeko eskaera egiten duten pertsonek eskabidea aurkeztu behar dute. Hori Euskadi.eus atarian elektronikoki bete dezakete, edo, bestela, eskabide eredu normalizatua egoitza elektroniko horretan bertan deskargatu eta Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean zerbitzuko edozein bulegotan aurkeztu. Egia Zor fundazioak ere laguntza ematen die eskaera egiten dutenei. Eskaera horretan, giza eskubideen urraketa gertatu zen testuinguruaren deskribapena jaso behar da, eta biktima-izaera frogatzeko garrantzitsutzat jotzen diren txosten, ziurtagiri eta dokumentuak erantsi behar zaizkio. Hala ere, dokumentaziorik ez badago, inolako arazorik gabe egin daiteke eskaera.
Egiari Zor Fundazioak hiru eskaera hauek egin zizkien udal taldeei:
- Aitortza adieraztea Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan zituzten biktimei, eta egokitzat jotzea 5/2019 Legeak eskainiko dien erreparazioa, biktima horiek duten egia, justizia eta memoriarako eskubideak egikaritzeko urrats garrantzitsua izanik.
- Animatzea giza eskubideen urraketen biktima gisara errekonozimendua eta erreparazioa jasotzeko eskaera aurkezteko borondatea duten donostiarrak prozedura hori martxan jartzeko eskabidea aurkeztera. Horrez gain, hori posible izan dadin, pertsona horiei aholkularitza eta laguntza emateko konpromisoa ere hartzea eskatu diote Udalari.
- Udalak, gertuko erakundea izanik, dituen ohiko komunikazio-bideak erabiltzea, eskaera prozedurak abiatzeko interesa izan dezakeen pertsona oro informatuta egon dadin dagozkion eskubideen inguruan.

