"Maskararekin ibili behar dugunez, San Sebastian eguna ospatzeko maskara batzuk egin ditugu"
San Sebastian egunean "ilusioa ez galtzeko", maskara berezi batzuk saltzen ari da Almacenes Garibay denda. Maider Núñezen aitonak sortu zuen duela 70 urte.
San Sebastian eguna nolabait ospatu ahal izateko, zer proposatzen duzue Almacenes Garibay dendakoek?
Aurtengoa urte desberdina izango da, baina behintzat ezin dugu ilusioa galdu. Horregatik, maskararekin ibili behar dugunez, San Sebastian eguna ospatzeko maskara donostiar batzuk egin ditugu. Donostiako banderaren koloreak ditu, eta idatzita du: “Bagera…” eta “2021-01-20”. Danborra ez dugu joko, baina maskara horiek jantzita ilusioarekin jarraituko dugu. Why Not fundazioarekin elkarlanean egin dugu maskara, gainera: osasun mentala zaintzen dute.
Nola otu zitzaizuen maskara horiek egiteko ideia?
Zenbat enpresa eta eskolaren maskarak egiten ditugu, eta uda aldean pentsatzen hasi nintzen ea zerbait egin genezakeen San Sebastian egunerako. Maskara diseinatu nuen, eta egin ditugu: laborategi ofizialek baimendu dute maskara.
Noiztik dago irekita Almacenes Garibay?
70 urte inguru ditu: ni hirugarren belaunaldia naiz. Nire aitonak sortu zuen, nire aita aritu da, eta orain ni.
Beste urte batzuetan, zuen eskaintzak danborradarekin lotura izan ohi du?
Bai. Guk sukaldari jantziak eskaintzen ditugu: normalak, eta zenbait danborradarentzako anagramadunak. Jantzi osoa saltzen dugu: txanoa, prakak, kasaka… Barruko arropa termiko zuria ere saltzen dugu, haurrentzat eta helduentzat. Eskularru zuriak ere saltzen ditugu.
Bestela, urtean zehar zer saltzen duzue?
Galtzerdiak, barruko arropa, pijamak eta zenbait eskolatako uniformeak.