Metroaren igarobidearen lanetan oraindik %67 gastatzea falta dela ohartarazi du Satorralaiak
Satorralaia bizilagunen mugimenduak salatu duenez, Donostiako Metroaren eraikuntza lanetan 141,581 milioi euroko gastua aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak. Hori da 2021etik 2025era bitarte egitekoak diren gastuen batuketa. Horrela, lanean egin beharreko gastu osoaren %67 oraindik gastatzea falta dela ohartarazi du Satorralaiak.
Orain arte, 70 milioi euro inguru gastatu dituzte metroaren igarobidearen lanetan. Datu hori ondorioztatu dute ETSek emandako datuetan oinarrituta. 38,1 milioi euro Lugaritz-Mirakontxa zatiaren adjudikazioari dagozkio. 2017ko azaroan hasitako zatiaren lanak bukatzeko daude oraindik. Aldiz, arazo gehien sortu diteun Mirakontxa-Easo zatiaren azaroaren 30era bitarteko gastua 31,8 milioi eurokoa da.
“Egin beharreko gastuei dagokienean, Donostiako Metroaren exekuzio maila gaurregun soilik %33 ingurukoa da. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari azpiegitura honen eraikuntzan egiten ari den baliabide publikoen xahuketa geldi dezala, eta milioi askotako gainkosteak ekartzeaz gain eraikuntza arrisku oso larriak dituen Mirakontxa-Easo zatiaren lizitazio berria eten dezala eskatzen diogu”, azpimarratu du Satorralaiak.
Hondartzako protesta
Hilaren 29an, Kontxako hondartzan protesta ekintza bat egingo du Satorralaiak. 12:00etan elkartuko dira erlojuen inguruan, eta metroaren lanetarako ETS hondartzaren lurrazpian egiten ari den porlan-injekzioak salatuko dituzte. Era berean, azpiegituraren eraikuntzak dituen arrisku “oso larrien” inguruko informazioa banatuko dute. “Ekintza hori, larrialdi ekologikoari lotutako salaketa eta aldarrikapen ekintzak egiteko Gipuzkoako hainbat talde sozial eta sindikatu biltzen dituen Larreko Mahaia elkarguneak zabaldutako deialdiari erantzunez egingo dugu”, azaldu dute. Izan ere, hilaren 30ean Aldaketaldia egitasmoaren manifestazioa egingo dute Donostian