Ostalariei laguntzeko terrazen zerga erdira jaistea proposatu du Elkarrekin Donostiak
Pandemiaren eraginez, ostalaritzak galdutako negozio bolumena %50 dela uste du Elkarrekin Donostia udal taldeak. “Sektoreak kalkulatzen duen fakturazio jaitsieraren batez besteko kopurua da”. Hori dela eta, terrazen gaineko zergari %50eko hobaria ezartzea proposatu dute. Une honetan %33koa da udalak zerga horri ezarri dion hobaria.
Hobariaren kopurua igotzeko zuzenketa bat aurkeztu dio udal taldeak jabari publikoaren erabilera pribatiboagatiko eta aprobetxamendu bereziagatiko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalari. “Ixtera behartzen duten sektoreei, nahiz eta arrazoi handiagoengatik justifikatuta izan, nolabait konpentsatu behar zaie”, adierazi du Aitzole Araneta bozeramaileak. Horrekin batera nabarmendu du ostalaritza sektoreak, jarduerari berrekin ondoren, ordutegi eta edukiera murrizketak izan dituela, eta horiek ere sektorearen fakturazio mailari eragiten diotela.