"Plater nagusian legatza egingo nuke donostiar erara"
San Sebastian eguneko otordua garrantzitsua izaten da donostiarren etxeetan. Onintza Mokoroa Gastronomikako kideak bi menu proposatu ditu, biak oso donostiarrak.
Zer proposatzen diguzu San Sebastian eguneko otordurako?
San Sebastian egunean jateko, ni bi menuren artean nago. Hasieran zizka-mizka moduan gilda batzuk, xangurro crepe batzuk eta endibia batzuk roquefort gaztarekin egon daitezke. Plater nagusian legatza egingo nuke donostiar erara: zainzuriekin, ilarrekin, saltsarekin, txirlekin, kokotxekin… Bestetik, plater nagusia azpizuna izan daiteke, eta aldamenean foie pixka bat edo turbekulu batzuk izan ditzake. Azpizuna janez gero, zizka-mizka gutxiago jarriko nituzke, eta haragia jan aurretik, arrain zopa hartu. Eta nire etxean baratxuri zopa egingo dugu, gosaltzeko!
Nolakoa izango da zuretzat aurtengo San Sebastian eguna?
Pixka bat arraroa izango da. Normalean bi danborradatan ateratzen naiz. 03:00etatik 06:00etara Gastronomikako danborradan ateratzen naiz, arduradun moduan. Asko gozatzen dut eta asko hunkitzen naiz. Hala ere, atseden hartuko dut, ez dudalako antolatu beharko, pixka bat nekatuta nengoelako. Aurten, gertukoekin jango dut, eta erabaki dugu danborradan ateratzen ginen orduetan trajea jantziko dugula. Ahal bada, buelta bat emango dugu trajeak jantzita, eta ezin bada, etxean geratuko gara. Egoerara egokituz, pixka bat berezia egitea pentsatu dugu.
Urtero kanoikadan ikusten zaitugu. Zer duzu nahiago: Aste Nagusia ala San Sebastian eguna?
Nik ezin dut aukeratu: bi jai oso berezi dira.