Loiolako Erribera: planoetatik komunitatera

Amarako gazteek salatu dute udalak auzoko "bizilagunak eta herri mugimendua" bota nahi dituela

Amarako_elkarteak Amara kalean dago auzoko hainbat eragileren lokala, eta eraikin horiek bota behar dituztenez, lokalik gabe geldituko direla salatu dute auzoko gazteek. (Argazkia: Joseba Parron)

Amarako gazteek sare sozialetan azaldu dutenez, Amara kaleko 11., 13. eta 17. zenbakietako eraikinak “laster eraitsiko dituzte”, eta salatu dute auzoko bizilagunak eta herri mugimendua “kanporatu” nahi dituztela. Hain justu, iazko urriaren 27an hartu zuen udal gobernuak Amara kaleko hiru eraikinak hustu eta eraisteko erabakia. Udal teknikarien arabera, eraikinek “egiturazko patologia larriak” dituzte, eta segurtasun arrazoiengatik botako dituzte.

Udalak eraikin horietako bizilagunei aldi baterako bizilekua eskaini zien Morlansen, baina 17. zenbakian lokala partekatzen duten eragileei ez zien alternatibarik eskaini. Hori salatu egin zuten eragileek orduan, eta auzoko gazteek asteburuan sare sozialetan azaldu dutenez, egoerak ez du hobera egin: “Bizilagunei Morlansen eskaini diete ordezko etxea eta elkarteei, berriz, beste lokalen bat uztekotan, auzotik at”.

Egoera horrek auzoko bost eragile kaltetzen dituela salatu dute gazteek: Amara Bai auzo elkartea, Amarako jai batzordea, Mamur haur aisialdi taldea, Amara kirol elkartea eta Amarako gazte asanblada. “Auzoko ia alderdi guztietan jarduten duten eragileak izanik, haien desagerpenak ondorio larriak ekarriko ditu amaratar guztiontzat”, gaineratu dute. Era berean, salatu dute udalak auzoa zeharo aldatu nahi duela: “Argi dago, beraz, bizilagunak eta herri mugimendua bota eta amarako auzoarekin eta bertako bizitzarekin bukatu nahi dutela!”. Hala ere, Amaran bizi nahi dutela eta horren alde borrokatzen jarraituko dutela nabarmendu dute: “Gu ez goaz auzotik!”.

HITZAkide HITZAkide