60 koronabirus kasu zenbatu dituzte Donostian
Hiriko intzidentzia metatua 384,89koa da, alegia, gora egin du beste behin. Amara Berriko intzidentzia metatua gainontzeko osasun eremuena baino dezente altuagoa da.
(Argazkia: Maite Reizabal) Eusko Jaurlaritzak iragarri duenez, Donostian, 60 koronabirus kasu atzeman zituzten atzo. Intzidentzia metatuaren goranzko joera egonkortu da, baina, momentuz, hiriak eremu laranjan jarraitzen du. Une honetan, 384,89koa da; duela bi egun, berriz, 369,54koa zen eta ostegunean 318,55ekoa,
Intzidentzia metatuak proportzio bat neurtzen du; alegia, zenbat pertsona gaixotu diren azkeneko hamalau egunetan zati zenbat pertsona osasuntsu zeuden periodo horren hasieran; ondorioz, birusaren kutsatzen abiadura erakusten du. Jaurlaritzaren irizpideen arabera, zifra hori 500dik gorakoa denean, leku hori gune gorria dela esan nahi du, alegia, kutsatze maila altua dela leku horretan. Horrekin batera, intzidentzia metatuaren arrazoiak duela 14 eguneko intzidentzia metatua eta egungoa alderatzen ditu. Zifra hori 1 baino gehiagokoa den kasuetan, intzidentziak gora egin duela esan nahi du. Kasu honetan, zifra hori 1,36koa da, beraz, gora egiten jarraitzen du. Dena den, zifra hori atzokoarekin alderatuta, apur bat jaitsi da.
Kutsatze intzidentzia osasun eremuka
Intzidentzia metatuak gora egin du osasun eremu gehienetan. Egian eta Loiolan, berriz, pixka bat jaitsi da, eta Altzan berdin mantendu da. Momentuz, soilik Amara Berrik gainditu du —duela bi egun gainditu zuen— 100.000 biztanleko 500 kasuen langa . Jarraian bakoitzeko intzidentzia metatua ikus daiteke:
- Amara Berri: 526,83
- Amara-Erdialdea: 381,77
- Egia: 330,55
- Bidebieta: 319,40
- Parte Zaharra: 310,87
- Altza-Roteta: 310,73
- Gros: 306,42
- Loiola: 273,07
- Ondarreta: 265,45
- Intxaurrondo: 236,37
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko zifrak:
- Amara Berri: 19
- Gros: 9
- Ondarreta: 7
- Amara-Erdialdea: 5
- Parte Zaharra: 4
- Bidebieta: 4
- Egia: 2
- Altza-Roteta: 1
- Loiola: 1
- Intxaurrondo: 1

