Panpina danborrada ikusgarria
Karmengo Andra Maria kaleko 37. zenbakiko farmaziaren erakusleihoan panpinaz osatutako miniaturazko danborrada bat ikus daiteke. Isabel Jimenez da egilea; eta Jose Mari Martin farmaziako langile ohia, bere konplizea.
Bezeroek animatzen dituzte erakusleihoa apaintzera, urtero galdetzen diete ea jarriko duten. 2009. urtetik Isabel Jimenezen panpinekin apaindu dute Egiako farmazia hau San Tomas egunean, San Sebastian egunean eta kaldereroetan.
43 urtez Karmengo Andra Maria kaleko 37. zenbakiko farmaziako langilea izan da Jose Mari Martin, eta berak proposatu zion Jimenezi Egiara ekartzeko panpina danborrada. Egiara ekartzeko, bai. Intxaurrondon zuen dendan sortu baitzituen Jimenezek, 2003an.
Garai hartan Intxaurrondoko Galizia kaleko Foto Lumas dendako arduraduna zen. Han hasi zen erakusleihoak panpinekin apaintzen. 2002an erretzeari utzi zion, eta eskuak okupatuta izateko moduren bat behar zuen. Eskulanak egiten hasi zen panpinekin. Kaldereroen konpartsa bat egin zuen lehendabizi: “Nire dendaren aurrean zegoen bazarrean erosi nituen panpin batzuk, eta gero bezeroek ere eman zizkidaten batzuk”. Mari Errauskineko pertsonaiak ere sortu zituen ondoren, argazki denda izateaz gain bideoklub bat ere bazelako Foto Lumas, eta zinemarekin lotutako gai bat bilatu zuen.
Arrakasta handia izan zuten bere erakusleihoek. “Norbaitek esan zidan hori jada zin nuela gainditu. Eta erronkari heldu nion. Auzoko Intxaurra danborrada egin nuen”. Jose Mari Martin da Intxaurra danborradaren sortzailea, eta Jimenezen senarra zena ere danborradako kidea zen. 1998. urtean sortutako danborrada da. Hasieran gauez ateratzen ziren, baina egun 20an arratsaldean ateratzen dira.
Denda itxi behar izan zuen Jimenezek, eta orduan iritsi zen bere panpina danborrada Egiara. Plastilinarekin, fimoarekin, oihalekin, gortinak zintzilikatzeko egurrezko barrak… Mota askotako materialak erabiltzen ditu Jimenezek, eta pazientzia handiarekin egiten ditu detaile guzti-guztiak. 50 bat kidez osatutako danborrada osatu du Jimenezek, txaranga eta guzti. Detaile guztiak mimo handiz egin ditu. Aurten maskara jantzi die kide guztiei: “Farmazia bateko erakusleihoan ez nituen maskara gabe jarriko, ezta? [barrez]”.