Amara Berriko balkoietan osatu dute danborrada San Sebastian egunaren hasieran
Ez-ohiko San Sebastian eguna hasi da Donostian, eta Amara Berrin danborradarekiko duten zaletasuna erakutsi dute gauerdian. Normalean, Armeria plaza izan ohi da auzoko danborraden bilgunea, auzoaren erdigunea San Sebastian egunean. Bertan igotzen dute bandera, bertan elkartzen dira auzoko hainbat danborrada, eta bertan ematen diote amaiera jaiari. Aurtengoan, berriz, plaza hutsik egon da, baina bizilagunek danborrak jo dituzte haien balkoietan.
Gauerdia izateko minutu gutxi falta zirela, Armeria plazako balkoietara ateratzen joan dira bizilagunak, asko sukaldari jantziarekin. Elkar agurtu dute, elkar txalotu dute, eta 00:00etan San Sebastian martxa jotzen hasi dira. Etxe batzuetako bozgorailuek eman diete musika, eta egurrezko platertxoak eta etxeko tresnak erabili dituzte danbor moduan. “Atera nahi dugu!”, oihu egin dute balkoi batetik.
Amara Berriko beste plaza eta kaleetan ere bizilagunak balkoietan izan dira danborrada auzotar zabal eta barreiatua osatzen. Ez dute ahaztuko Amara Berriko bizilagunek aurtengo San Sebastian eguna.