74 koronabirus kasu atzeman dituzte Donostian
Hiriko intzidentzia metatuak gora egin du beste behin. Bide beretik jarraituz gero, hiriak datorren astean gaindituko du 500 biztanleko 100.000 kasuen langa.
Eusko Jaurlaritzak iragarri duenez, Donostian, 74 koronabirus kasu atzeman zituzten atzo. Intzidentzia metatuak gora egiten jarraitzen du. Une honetan, 446,29koa da. Duela bi egun 426,01ekoa zen, eta duela hiru 405,72koa. Bide beretik jarraituta, hiria eremu gorrian sartuko da datorren astean. Jaurlaritzak iragarritakoaren arabera, 100.000 biztanleko 500 kasuen langa gainditzen duen udalerrietan tabernak itxiko dituzte eta kirola berriro ere mugatuko da. Izan ere, gaur azaldu dute itxiera perimetrala udalerri guztietara zabalduko dela, gune gorria izan edo ez. Donostiak, aipatutako zifra, astelehenerako gaindituz gero, asteartean sartuko lirateke neurri horiek indarrean; ordea, asteartetik ostegunera gaindituko balu, mugak ostiraletik aurrera izango lirateke.
Intzidentzia metatuak proportzio bat neurtzen du; alegia, zenbat pertsona gaixotu diren azkeneko hamalau egunetan zati zenbat pertsona osasuntsu zeuden periodo horren hasieran; ondorioz, birusaren kutsatzen abiadura erakusten du. Jaurlaritzaren irizpideen arabera, zifra hori 500dik gorakoa denean, leku hori gune gorria dela esan nahi du, alegia, kutsatze maila altua dela leku horretan. Horrekin batera, intzidentzia metatuaren arrazoiak duela 14 eguneko intzidentzia metatua eta egungoa alderatzen ditu. Zifra hori 1 baino gehiagokoa den kasuetan, intzidentziak gora egin duela esan nahi du. Kasu honetan, zifra hori 1,40koa da, beraz, gora egiten jarraitzen du.
Kutsatze intzidentzia osasun eremuka
Intzidentzia metatuak gora egin du osasun eremu guztietan, Ondarretan izan ezik, non jaitsi egin den. Amara Berrik dagoeneko 100.000 biztanleko 600 kasuen langaren gainetik dago. Jarraian bakoitzeko intzidentzia metatua ikus daiteke:
- Amara Berri: 600,87
- Amara-Erdialdea: 436,31
- Bidebieta: 402,72
- Egia: 398
- Gros: 393,97
- Altza-Roteta: 387,14
- Parte Zaharra: 347,02
- Ondarreta: 287,34
- Loiola: 273,97
- Intxaurrondo: 253,87
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko zifrak:
- Amara Berri: 18
- Gros: 11
- Amara-Erdialdea: 9
- Altza-Roteta: 8
- Egia: 7
- Ondarreta: 6
- Parte Zaharra: 5
- Intxaurrondo: 5
- Bidebieta: 2
- Loiola: 1