"Donostiak ondo adierazten du zer naizen"
13 urte zituela, Clara Azurmendik (Gros, 1998) badmintonaren aldeko apustua egitea erabaki zuen, eta 14 urterekin Madrilera joan zen, Joaquin Blume goi errendimenduko zentrora. Une honetan, munduko rankinean, 82. postuan dago. Hainbat urtetako gorabeherak atzean utzita, bidea egiten jarraitu nahi du, nahiz eta pandemia garaian, lehiatzea ez dagoen guztiz bermatuta.
Nola hasi zinen badmintonean?
Eskolan hasi nintzen, lehen Marianistak ziren eskolan, alegia. Badminton tradizio handia izan da betidanik, eta normalean, haurrak 9 edo 10 urterekin hasten ziren kirol hau praktikatzen. Nire anaia ni baino bi urte zaharragoa da, eta adin horrekin hasi zen. Asko gustatu zitzaion, eta probatzeko esan zidan. Beraz, ni ohi baino bi urte lehenago hasi nintzen. Eta niri ere asko gustatu zitzaidan. Gaurdaino.
Zein unetan konturatu zinen badmintona ez zela kirol soil bat zuretzat?
Ohartu nintzenean kirol horretan hobetzen jarraitzeko etxetik atera behar nuela. 13 edo 14 urte nituen. Alegia, 14 urterekin joan nintzen Madrilera, baina 13 urterekin hartu nuen joateko erabakia. Ordura arte, ni baino zaharragoak ziren taldekieekin entrenatu nintzen. Baina taldekide horietako askok, batxilergoa amaitzean, badmintona utzi zuten karreran zentratzeko, eta entrenatzeko inor gabe geratu nintzen.
Une horretan, Espainian dena irabazten ari nintzen, eta federazioa nirekin harremanetan jarri zen. Hori oso garrantzitsua izan zen niretzat. Beraiek nigan gaitasuna ikusten bazuten, eta nik ere gustuko banuen, zergatik ez ikusi zer lor nezakeen? Era berean, nire familiaren babes osoa izan dut betidanik.
Bederatzi urte daramatzazu ja Madrilen, Joaquin Blume goi errendimenduko zentroan bizitzen eta entrenatzen. Nolakoa izan da zure kirol ibilbidea?
Gorabeheratsua. Egia da beheko kategoriatan nengoenean progresioa gero eta hobea zela, eta nazioarteko txapelketak irabazten hasi nintzela: Europako 17 Urtetik Beherakoen Txapelketan hirugarren postua lortu nuen, Europako 19 Urtetik Beherakoen Taldekako Txapelketa irabazi genuen, eta abar. Oso ibilbide ona neraman. Baina kategoria absolutura salto egitea ez da erraza izaten. Are gehiago, kategoria horretan lehian hasi aurretik emaitza onak lortu nituen absolutuko txapelketetan, baina aldatu nuen urtean ez zen guztiz ondo joan. Gainera, lesionatu egin nintzen.
Zer gertatu zen?
2017ko urte amaieran, txapelketa batean, nabaritu nuen ezin nuela belauna tolestu. Min handia sentitzen nuen. Ebakuntza 2018ko martxoaren 12an egin zidaten. Hain justu, urte horretan Europako Txapelketa Absoluturako sailkatu nintzen. Apirila amaieran zenez, indarberritzea arintzea erabaki genuen, belauna ondo zihoala ikusita. Baina azkenean ikusi genuen oso presazko erabakia zela eta ez nintzen joan. Are gehiago, min apur bat hartu nuen, eta hasiera batean hiru edo lau hilabetekoa izan behar zuen errehabilitazioa sei hilabetera luzatu zen. Horren ondoren, txapelketa onak eta txarrak izan ziren. Belauna ez nuen guztiz errekuperatu urtebete igaro arte.
Nola eragin zizun horrek guztiak?
Hainbat momentutan emozionalki oso gaizki izan nintzen. Honek guztiak benetan konpentsatzen zidan pentsatzera iritsi nintzen. Benetan merezi du hiru astez gogor entrenatzeak txapelketa batean parte hartzeko, eta ondoren hilabetez gelditu behar izateak belauneko mina dudalako? Ia urtebetez izan nintzen galdera horri erantzuna bilatu nahian —2018a eta ia 2019 osoa—. Gainera, 2018an Fisioterapia gradua ikasten hasi nintzen. 2019 urte amaieran, erabaki nuen karrera uztea eta kirolaren aldeko apustua egitea. Horretan, nire aitarekin hitz egindakoak ere lagundu zidan. Esan zidan: «Guztizko apustua egin eta handik urtebetera ikusten baduzu ez duzula jarraitu nahi, utz ezazu. Baina jakinda zure esku zegoen guztia egin duzula». Azken batean zazpi urte neramatzan horretan buru belarri, eta nik ez nuen utzi nahi 21 urterekin, noraino iritsi nintekeen jakin gabe. Beraz, aurrera egin nuen.
Pandemia iritsi aurretik, zein momentu profesionaletan zeundela uste duzu?
Mentalki, oso ondo sentitzen nintzen. Iazko Gabonetan, infiltrazioak egin zizkidaten belaunean, min apur bat nuelako. Urtarrilean entrenatzen hasi nintzen, eta oso ondo nengoen. Bi hilabeteko etenaldiaren ostean, otsaila amaieran txapelketa batean parte hartu nuen, eta bi urtetan lehen aldiz, belaunean ez nuen minik sentitu. Oso pozgarria izan zen, fisikoki ere ondo sentitzen nintzelako. Hortik bi astera, itxialdia etorri zen, justu Europako Txapelketarako entrenamenduak egiten hasi behar ginenean. Izan ere, 2020ko apirilean izan behar zuen, eta nik sailkatzea lortu nuen. Aurrekotik nuen arantzatxoa kendu nahi nuen, eta une horretan oso prest sentitzen nintzen. Baina badirudi Europako Txapelketa aurretik beti pasatzen dela zerbait [erdi barrez].
Itxialdia etorri zenean, goi errendimenduko zentroan geratzeko aukera izan zenuten?
Ez, ez, etxera itzuli behar izan genuen.
Zenbat denbora izan zen itxita?
Bi hilabetez, maiatza erdialdera arte. Maiatza erdialdean, goi mailako kirolariak joan zitezkeen bakarrik. Eta ekaina hasieran zentro osoa hasi zen funtzionatzen, goi errendimenduko kirolariekin ere. Dena den, goi mailako kirolaria banaiz ere, ekaina erdialdera arte ez nintzen itzuli. Donostian hasi nintzen entrenatzen. Izan ere, ez zuen zentzu handirik Madrilera itzultzeak, lotarako lekua itxita baitzegoen. Gainera, Donostian entrenatu nezakeen, nire anaiarekin eta hemengo taldeko beste pertsona batekin, batik bat ez nuelako txapelketarik. Lolekua zabaldu zutenean itzuli nintzen.
Nolakoa izan zen Donostiara itzuli eta hiru hilabetez hemen bizitzea, familiarekin?
Oso azkar pasa zen. Zorte handia dut, etxean aiton-amonak, gurasoak, osaba, eta anaia bizi direlako, eta lekua eta lorategi bat dugulako. Baina oso arraroa egin zitzaidan hiru hilabete Donostian, etxean, izatea; normalean, asko jota hamabost egunerako etortzen naiz. Eta oso gogorra izan zen Madrilera itzultzea. Negar ere egin nuen. Oso gustura nengoen hemen; entrenatzen jarraitzen nuen, baina etxean dena errazagoa da. Gainera, ni oso etxekoa naiz eta familian egotea gustatzen zait.
Txapelketetara itzuli zarete, ala oraindik ez?
Soilik kategoria batetik gora jokatu dira. Nik, adibidez, urrian izan nuen lehenengoa, Danimarkan. Horren ondoren beste pare bat izan ziren, baina nik ezin izan nuen parte hartu, Danimarkakoan oineko faszia hautsi nuelako, eta bi hilabetez ezin izan nuelako lehiatu. Abenduan, Europako Taldekako Txapelketarako sailkapena izan genuen Portugalen.
Txapelketen egutegi ofizialari berriro noiz ekingo dioten esan dizuete?
Txapelketetako datak jarrita daude, baina adibidez, urtarrilekoak, bertan behera utzi dituzte. Azkeneko momentura arte itxaroten dute egingo diren edo ez erabakitzeko. Otsaileko bat ere bertan behera utzi dute, eta besteak momentuz mantendu dituzte. Baina bi aste lehenago esango dute gutxi gora behera zer gertatuko den.
Zure kasuan, nolakoa izaten ari da entrenatzea txapelketak izango diren ala ez jakin gabe?
Pisutsua eta gogorra da. Azken batean, lehiak entrenatzeko motibatzen zaitu, bai niri, bai kirolarien %90ari. Niri lehiatzea gustatzen zait, ez entrenatzea, baina badakit maila batean lehian aritzeko entrenatu behar dudala. Orain, berriz, gure entrenatzaileak esan zigun moduan,agian ez dago txapelketarik, baina %95ean prest egon behar dugu denbora guztian, ez baitakigu noiz lehiatuko garen. Eta amaierara arte bertan behera uzten ez dutenez, etengabe fisikoki punturik gorenean izan behar zara. Hori are gogorragoa da.
Helburu batzuk finkatu dituzu, beste urteetan bezala?
Ia 2020ko berdinak ditut. Iazko Europako Txapelketa aurtengo apirilean izango da eta domina eskuratu nahi dut. Iazkora justu samar iritsi behar nintzen, baina aurten aukera gehiago izan ditzaket.
Eta Tokio?
Oso zaila da. Carolina Marin aurretik dago, eta herrialde bateko bi jokalari joateko mundu mailako hamasei onenen artean izan behar dira biak. 25 onenen artean sartzea oso zaila da une honetan. Paris (2024ko Olinpiar Jokoak) Tokio baino gertuago dago [barrez].
Carolina Marin aipatu duzunez, harekin entrenatzen duzu eta askotan esan dute haren ondorengoa izan zaitezkeela. Presioa sentiarazten dizu horrek?
Hasieran bai, presio apur bat sentitzen nuen. Baina urteekin hobeto daramat. Azken batean, jokalari bakoitza desberdina da. Nire helburua ez da Carolinak lortutakoa oinarri hartuta zerbait lortzea, baizik eta nik, Clara Azurmendi gisa, lortu nahi dudan hori lortzea.
Kirolari bezala, badago egoera honetaz atera daitekeen ikasketa positiborik?
Kirol arlorako lagungarriak diren hainbat gauza baloratzen ikasi dugu. Esaterako, pazientzia izaten eta ezjakintasunarekin bizitzen. Nik izan ditut lesioak, baina inoiz lesiorik sufritu ez duen kirolari batentzat hau oso berria zen. Lehenengo egunetan guztiz geldi izan behar zara, entrenatu ezinik. Ezinegona eta inpotentzia sentitzen duzu. Pandemiarekin gauza bera pasa zaio askori. Nire kasuan, aurretik lesioak eduki izanak apur bat lagundu dit, baina sentsazio horiek ere izan ditut. Une horietan erlaxatzen ikasi behar duzu, bestela, kontsumitu egiten zaitu beti hain aktibo egoteak eta gauzak egin nahi izateak. Eta partidatan, hain zuzen, askotan gauza bera pasatzen zaizu: gauza asko egin nahi dituzu aldi berean, irtenbide asko bilatzen saiatzen zara eta gehiegi aktibatzen zara; une horietan, lasaitu egin behar duzu, gauza bat hautatu eta hori egin. Beraz, batez ere, mentalki, eta psikologikoki lagundu dit, baita gauzak beste perspektiba batetik begiratzen ere.
Goi errendimenduko zentroaz hitz egin dugu lehen, baina zein da egoera une honetan?
Ekainean, zabaldu zutenean, binakako logelak desagertu ziren; orain soilik bakarkako logelak daude. Era berean, gimnasioko edukiera mugatu dute. Erabiltzeko, kirol arloka antolatzen gara, baita jangelan ere. Lehen, norberak bere janaria zerbitzatzen zuen, eta Txapelketa batera zoazen bakoitzean edo Madrildik kanpo ateratzen zarenean —familia bisitatzera, adibidez—, PCRa egin behar duzu eta emaitza eman arte logelan konfinatuta egon. Oro har, kontrol handiagoa dago. Eta entrenamenduetan maskara erabili behar dugu. Hori ez zait batere gustatzen.
Hori daramazu okerren?
Bai. Kirurgikoak erabili behar ditugu, eta izerditan zaudenean, segituan itsatsi egiten zaizu. Gainera, etengabe izerditan ari garenez, aldatu egin behar izaten ditugu. Kontuan izanda egunean bi aldiz entrenatzen dugula, bi edo hiru maskara behar izaten ditugu. Eta luma-bola ikusteko ere oztopatzen digu. Beste modu batera jokatu behar duzu.
Goi errendimenduko zentrotik ateratzeko debekurik duzue?
Ez dago debekurik, baina zure ohiko zirkulutik kanpo inorekin ez elkartzeko gomendatzen dizute.
Gabonetan, Donostian izan zara berriz ere, familiarekin. Zein da zure harremana hiriarekin?
Oso argi daukat itzuliko naizela. Madrilen oso gustura nago, baina hemen bizi nahi dut. Dena askoz errazagoa da, gauzak gertu dituzu, eta oso ondo bizi gara. Gaztetxoa nintzela joan nintzen, baina, familiak transmititu dizkidan balioez harago, Donostiak ondo adierazten du zer naizen, lasaitasun honek. Hona etortzen naizenean, lasai sentitzen naiz; Madrilen, edonora, estresatuta joaten naiz.
Zer botatzen duzu gehien faltan?
Familia eta, udan, hondartza. Madrilen ere oinez noa ahal dudan guztietan, baina hemen segituan nago edonon.
Ohiko urte batean, asko etortzen zara?
Gabonetan,asko jota, hamabost egun. Udan, are gutxiago: hamar bat egun. Eta asteburu solteren batean. Dena kontuan hartuta, hilabete edo hilabete eta erdi izaten naiz hemen.
Zure familiak Donosti liburu denda ezaguna du. Zein harreman duzu liburu dendarekin?
Familiako beste kide bat da. Etxera natorrela diodanean, liburu dendaz ere ari naiz. Izan ere, etxean sentitzen naiz. Txikitatik liburuz inguratuta izan naiz, eta Madrilen nagoenean faltan botatzen dut. Lasaitasuna sentitzen dut hemen. Eta Madrilen nagoenean, estres izugarriarekin, behin baino gehiagotan pentsatzen dut zenbat gustatuko litzaidakeen liburu dendan egotea. Eta, noski, gainera liburu dendaz bizi gara. Jendearekin kontaktua ere. Gustatzen zait, eta ez litzaidake axolako etorkizunean hemen egotea, egia esan.
Madrilen zaudenean, irakurtzen duzu?
Gustatuko litzaidakeena baino gutxiago irakurtzen dut. Entrenamenduetatik neka-neka eginda iristen naizenez, liburu bat hartzea baino errazagoa da telesail bat jarri eta ikustea. Hona natorrenean, gehiago irakurtzen dut. Orokorrean, nobelak ditut gustuko, askotarikoak: misteriozkoak, thrillerrak, eta abar.