Kalean geratzeko beldur handiagoa dute
Urtebete pasa da Vascongada higiezinen agentziak 320 etxebizitza Azora inbertsio funtsari saldu zizkionetik. Kalteturiko maizterrek kontratuak zazpi urtez berritzea nahi dute, eta hori lortzeko udalari eskatu diote funtsarekin beste bilera bat egiteko.
Azora Inquilinos elkarteak eskaera bat luzatu die Donostiako udal taldeei, urtarrileko udalbatzarrean onar dezaten. Udalak Azora inbertsio funtsarekin beste bilera bat egitea nahi dute, Kontsumorako Prezioen Indizean (KPI) oinarrituriko errenta eskuragarriekin bukatzen diren kontratuak zazpi urtez berritu ditzaten eskatzeko. Izan ere, Azora isilbidezko luzapenak aplikatzen ari da kontratua bukatzen zaien maizterrei, eta kalean geratzeko beldur handiagoa dute.
Iñaki Setien Azora Inquilinos elkarteko presidentea elkarrizketatu du Gipuzkoako Hitzak. Maizterrak kezkatuta daudela adierazi du, Azorak ez duelako aurreko jabearen jokabidea mantendu. Izan ere, Vascongadak kontratuak berehala berritzen zituen epemugara iritsitakoan, arrazoizko igoerekin. Hutsik geratzen ziren etxeak, berriz, berriro alokatzen zituen. Azorak oso bestelako jarrera hartu du etxebizitzak eskuratu zituenetik. «Hasiera batean, lau bizilaguni burofax bat bidali zieten, esanez kontratua amaitu egingo zitzaiela, ondoren guztietara, eta automatikoki isilbidezko luzapena aplikatuko zitzaiela. Urtebeteren buruan, lau ez, hamabi daude isilbidezko luzapenean. Eta datorren urtean dezente gehiago izango gara, kontratu gehiago iritsiko direlako epemugara», azaldu du Setienek.
Azorak ez du aplikatu Hiri Errentamenduen Legea. «Deitzen diogu kontratua amaitzear dugula jakinarazteko, eta kopeta dute esateko lasai egoteko, legez beste urtebete egoteko aukera dugula. Isilbidezko luzapena aplikatzen digute, eta hilabetez hilabete goaz. Horrek esan nahi du guk alde egitea nahi dutenean, burofax bat bidaliko digutela eta kalera goazela», ohartarazi du Setienek.
Hiri Errendamenduen Legea
Azora Inquilinos elkarteak eskatu duena da Hiri Errendamenduen Legea aplikatzea. «Hiri Errendamenduen Legeak agintzen duen bezala, zazpi urteko kontratuetara eta hiru urteko luzapenera itzultzea eskatzen dugu, eta, noski, prezioak erregulatzea ere nahi dugu, hau da, KPIaren araberakoak izatea prezio igoerak. Isilbidezko luzapena kode zibilean ageri den artikulu bat da, eta esaten du araurik ezean kode zibila aplikatuko dela, baina Hiri Errendamenduen Legeak baditu arauak: zazpi urteko kontratua eta hiruko luzapena. Maizterrari edo jabeari kontratua berritzea ahaztu zaienerako da, adibidez, kode zibila. Lege iruzurra da isilbidezko luzapena sistematikoki aplikatzea», adierazi du Setienek.
Azorak kalteturiko maizterren eskaera Donostiako Udalbatzak onartzea nahi dute: «Udalari interpelazio bat egitea nahi dugu, berriro Azorarekin hitz egin dezan eta guztia arautu dezala eska diezaion, eta tramitera onartu dute gure eskaera». Aldiz, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza zuzendari Mario Yoldik azaroan adierazi zien ez duela Azoraren kontuan ezer egiteko asmorik, «merkatu libreko etxeak direlako».